Ramon Gomez: "Donostiako mugak direnak dira, eta ez dugu aldatzerik nahi"
Donostiako mugak berresten dituztela eta ez dituztela aldatu nahi adieraziz erakunde adierazpen bat aurkeztuko du PPk hurrengo udalbatzarrean.
Pasaia eta Igeldoren eskaeren haritik, Donostiako mugak berretsi nahi ditu PPk. Ramon Gomez bozeramailearen esanetan, “lehen aldiz, udalbatzarrak hiriaren mugak dauden moduan berrestearen aldeko jarrera argia hartzea nahi dugu”.
Horretarako lau puntutan zehaztu duten erakunde adierazpen bat aurkeztuko dute urriaren 31ko udalbatzarrean.
1.-Pasaiako udalari Donostiako lurrak eskatzeari uzteko eskatzen zaio. Eta gainera, eskaera horien erantzuna ezezkoa izango da.
Pasaiak Altza, Intxaurrondo, Herrera eta Bidebietari eragiten dieten eremuak eskatzen ditu; 11.000 metro karratu guztira. Eta baita Uliako 50 hektarea ere.
2.-Donostiak eta Pasaiak partekatzen dituzten kale edo eremuen gaineko harremana mantendu behar litzateke, eta abian diren egitasmoak gauzatu.
3.-Udalbatzarrak Donostiaren egungo mugak berresten ditu, eta gainera ez du muga horiek inolako aldaketarik izaterik nahi.
Zentzu honetan, PPk jeltzaleen eta sozialisten babesa izango du, eta alkatea ere “hiriaren mugak errespetatzearen alde” agertzea espero du Ramon Gomezek.
4.-Gipuzkoako Foru Aldundiari gai honetan neutrala izatea eskatzen zaio, udalbatza baita udalerri bateko mugak alda ditzakeen bakarra.