Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken kanporaketa jokatu dute gaur Oionen, beraz, finalaurrekoetako saioetan nortzuk arituko diren erabakita gelditu da.

Beñat Gaztelumendi, Altsasun, Unai Agirrerekin abestutako lehen bertsoak kantatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Bukatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa fasea. Txapelketan abiatutako 36 bertsolarietatik 18k lortu dute bigarren faserako txartela, eta dagoeneko fase horretarako sailkatuta zeuden beste 6 bertsolari batuko zaizkie; beraz, 24 bertsolarik kantatuko dute bigarren fasean. Beñat Gaztelumendi añorgatarrak Altsasuko kanporaketa irabazi zuen, eta zuzenean lortu zuen finalaurrekoetarako sailkatzea, berarekin kantatuko duten guztiak zeintzuk izango diren, ordea, gaur argitu da. Hala, azaroaren 17an, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Xabier Silveira, Unai Agirre eta Fredi Paia izango dira Murgiako oholtza gainean, Gaztelumendirekin batera. Bi itzulitara jokatuko dira finalaurrekoak, azaroaren 9an hasiko dira Gernika-Lumon eta azaroaren 30ean bukatu Maule-Lextarren.
Euren saioa irabazita honako bertsolariak sailkatu dira hurrengo faserako: Jon Martin, Agin Laburu, Julio Soto, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza eta Etxahun Lekue. Horiekin batera, puntuazioaren arabera hauek dira hurrengo faserako sailkatu diren gainontzeko hamabiak: Jone Uria, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Xabier Silveira, Unai Agirre, Beñat Lizaso, Amaia Agirre, Nerea Elustondo, Jokin Uranga, Iñigo Matzizidor
Mantxi, Odei Barroso eta Fredi Paia. Bestetik, finalaurrekoetarako zuzenean sailkatuta zeuden aurreko txapelketako finalera iritsitako sei bertsolari: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Jon Maia, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga.
Finalaurreko lehen itzuliko saioak honakoak izango dira:
- Azaroak 9, Gernika-Lumo: Amets Arzallus, Jon Martin, Julio Soto, Jone uria, Nerea Elustondo eta Jokin Uranga.
- Azaroak 10, Tolosa: Unai Iturriaga, Igor Elortza, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Amaia Agirre eta Iñigo Mantzisidor Mantxi.
- Azaroak 16, Oiartzun: Aitor Sarriegi, Jon Maia, Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Lizaso eta Odei Barroso.
- Azaroak 17, Murgia: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Xabier Silveira, Unai Agirre eta Fredi Paia.
Finalaurrekoek bi itzuli izango dituzte. Bigarren itzulira saio bakoitzeko irabazlea eta hamalau puntuaziorik onenak lortzen dituzte bertsolariak igaroko dira. Bigarren itzuliko finalaurrekoak Elizondon, Donostian eta Maule-Lextarren jokatuko dituzte azaroaren 23an, 24an eta 30ean.