Beldurrezko filmeetarako erabilitako pertsonaiak bisita daitezke Parte Zaharreko kriptan
Bizkaiko Quimera FX taldeak egindako hainbat lanek osatzen dute ‘Errealitatea ala fikzioa?’ erakusketa.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXIV. Astea atzo abiatu zen, eta horren bueltan, hainbat jarduera berezi izango dira hirian. Fantasiazko eta beldurrezko filmeetan erabiltzen diren pertsonaia bereziak izan dira, esaterako, gaurko protagonistak. Izan ere, Bizkaiko Quimera FX taldeak sortutako hainbat pertsonaiekin bete dute Parte Zaharrezko kripta, Errealitatea ala fikzioa? erakusketa osatuz. Gorka Agirre eta Cristina Iglesias Quimera FXko kideak dira, eta pertsonaia horiek egiteko eta aktoreak makillatzeko zein teknika erabiltzen dituzten azaldu dute jendaurrean, gaur eguerdian.
Agirre eta Iglesias txikitatik beldurrezko filmeen oso zaleak izan dira, eta hortik datorkie halako pertsonaiak sortzeko zaletasuna; pixkanaka euren ogibide bihurtu dena. Agirrek azaldu duenez, hasieran zaila egiten zitzaion halako filmeetarako efektuak egitea, sorkuntza prozesuaren inguruko informazio gutxi baitzegoen. Hala, gozotegi batean lana egiten zuenez, gelatinarekin odolaren efektua sortzen hasi zela azaldu du, adibide gisa. Gaur egun, ordea, Interneten oso azalpen zabalak topa daitezkeela aipatu du. Edonola, hainbat pertsonaia egiteko denbora asko behar izan dutela aitortu dute. ‘Kibubu’ antzezlanerako sortutako gorila egiteko, esaterako, bederatzi hilabate behar izan zituzten. “Ileak banan-bana sartu genituen gorilaren azaldean, eta gizakiaren neurrietara egokitu behar izan genuen animalia, aktore batek barruan sartu behar baitzuen”, aipatu du Iglesiasek.
Erakusketan, buru beldurgarriak, pertsonaia bereziak, hildakoen gorpuak… topa daitezke. Gainera, gauza bakoitza egiteko zein prozesu erabili duten azalduta ere jarri dute hainbat panelen bidez. Omnivoros, Jugando con la muerte, Ohe azpiko zera eta Hotel filmeetarako lan egin du Quimera FXk besteak beste. Hala, ikus-entzunezko horietan agertzen diren pertsonaiak zein makillajeak eta piezak bildu dituzte erakusketan.
Erakusketa gaur zabaldu dute, sarrera doakoa da eta azaroaren 10a arte egongo da ikusgai. Astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik, eta asteburu eta jai egunetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

‘Omnivoros’ film laburrerako erabilitako panpina. (Argazkia: E. Zabala)
- ‘Ohe azpiko zera’ film laburrerako egindako pertsonaia. (Argazkia: E. Zabala)
- ‘Jugando con la muerte’ filmerako erabilitako panpina. (Argazkia: E. Zabala)
- ‘Horizonte’ filmerako Ander Pardo aktoreak erabilitako makillajea. (Argazkia: E. Zabala)
- Quimera FXko Cristina Iglesias eta Gorka Agirre, euren sorkuntzetako batekin. (Argazkia: E. Zabala)





