JantziAgain jarduera egin dute Egiako Parkean
Cristina Enea Fundazioari esker, arropa trukatzeaz gain josten ikasteko aukera ere izaten dute partaideek, hilabete bakoitzeko azken igandean.
JantziAgain jardueraren lekuko izan da Egiako Parkeko Ingurumen Baliabideen Etxea, gaur goizean. Cristina Enea Fundazioak antolatzen ditu saioak, hilabete bakoitzeko azken igandean, eta gaurkoa zortzigarrena izan da. Ohiturari jarraituz, bi gune bereiztu dituzte, azoka eta tailerra; hala, alde batean arropa trukatzeko aukera dagoen bitartean, bestean josten ikasteko aukera ematen dute.
Azokari dagokionean, haur zein helduentzako arropa topa daiteke. Elkartrukatzeko arropa eraman dezake nahi duen edonork, eta jantzipuntuak jasoko ditu trukean, hala, besteek eramandako arropa hartzeko aukera izan du puntu horiekin.
Tailerrean, berriz, eskuz zein makinaz jo eta ke aritu dira josten hainbat emakume. Tytti Thusberg diseinatzailearen laguntza truku berriak ikasi dituzte gainera.
Azokarako eta tailerrerako sarrera librea eta doakoa da. Hala ere, tailerrean parte hartu nahi duenak aurrez izena eman beharra dauka, cristinaenea@donostia.org posta elektronikoaren bidez edo 943 45 35 26 telefonora deituta.

Haur zein helduentzako bigarren eskuko arropa topa daiteke. (Argazkia; E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)




