
(Argazkia: realsociedad.com)
Txapeldunen Liga alde batera utzi eta Espainiako Ligan murgildu da gaur Reala berriro ere. Almeriaren bisita jaso du Anoetan eta 3-0 irabazi du, aurkariak baino hobeto jokatuta. Griezmann izan da buruz sartutako lehenengo bi golen egilea, eta Jose Angelek sartu du hirugarrena. 24.000 futbolzale inguru bildu dira Anoetan.
Partida hasiera indartsua egin du talde txuri-urdinak eta golerako hainbat aukera izan ditu. Azkenean, 13. minutuan Griezmannen gola iritsi da; albotik Choryk atera, Xabi Prietok orraztu eta frantziarrak buruz sareratu du. Ondoren, Almeria ere esnatzen hasi da eta 23. minutuan Rodriren gol bat baliogabetu du epaileak, jokoz kanpo egoteagatik. Halaxe 1-0ekoarekin iritsi da atsedenaldia. Griezmann izan da ere bigarren golaren egilea, bigarren zatia hasi eta segituan, berriro ere buruz. Hortik gutxira iritsi da Jose Angelen gola, 55. minutuan. Bigarren zatiak aurrera egin ahala, Markel Bergararen ordez Javi Ros zelairatu du Jagoba Arrasatek, eta sartu eta gutxira Almeriako Tebarren aurka sekulako kolpea hartu du. Vela zelairatzean txistuak jaso ditu zaleen aldetik; izan ere, badirudi Old Trafforden ez zela partida bukatzean jarraitzaileak agurtzera irten gainontzeko jokalariekin batera, eta agian horregatik izango dira berarekin haserre zaleak. Edonola, etxean geratu dira hiru puntuak eta zaleak taldearekin pozik egoteko moduan dira.