Ainhoa Beola: "Herritarrei galdetzeko beldurra gainditu behar dugu"
Desanexioaren aldekoa nahiz kontrakoa izan, herritarren iritzia errespetatuko du EH Bilduk.
Herri partaidetza oinarri duen kultura politiko bat garatzea beharrezkoa da EH Bildurentzat. “Herritarrei galdetzeko beldurra gainditu behar dugu ordezkari politikook”, esan du Ainhoa Beolak. Lau urtetik behin botoa eskatzeaz gain, eguneroko erabakietan ere herritarren iritzia kontuan hartzearen garrantzia aipatu du Beolak. “Herri galdeketak egin behar dira bai Igeldoren desanexioaren inguruan eta baita beste hamaika gairen inguruan ere”.
Gainera, Igeldoren kasuan herri galdeketa aspaldiko eskakizun bati bide emateko aukera dela uste du Bilduk, eta “igeldotarren eskaerei bizkarra ematea” ez dela konponbidea gaineratu du Beolak. Ildo horretatik, kritika zuzena EAJ, PP eta PSE-EE alderdiei ere. Bilduren arabera, herri galdeketa oztopatzeko zilegiak ez diren bideak erabiltzen ari dira.
Batetik, herritarrek beren etorkizunari buruz erabakitzeko duten gaitasuna ukatu nahi dute. Eta bestetik, Bilduren arabera gezurretan ari dira datu ekonomikoak manipulatuz eta bozkatzeko orduan erabiliko den prozedura zalantzan jarriz. Beolak argitu duenez, barra kodeen bidez identifikatuta egongo da bozkatzaile bakoitzaren aukera.
Bilduren arabera, arma politiko gisa erabiltzen ari dira Igeldoko desanexioaren kontua, eta “hori ez da gai honek eskatzen digun ardura mailari erantzuteko modua”, esan du Beolak. Zentzu horretan bi eskaera egin dizkie EH Bilduk gainerako alderdiei:
Batetik, igo daitezela Igeldora, hitz egin dezatela herritarrekin beren argudioak emateko. Eta bestetik, argitu dezatela azaroaren 10eko emaitza edozein dela ere, Igeldoko herritarren borondatea errespetatuko duten ala ez.
Zentzu horretan, EH Bilduk argi eta garbi adierazi du erabat errespetatuko dutela herritarren borondatea, eta Donostiako udalari nahiz Foru Aldundiari ere emaitza errespetatu eta kudeatzeko eskatu die. Dena den, igeldotarrei ere dei egin die Bilduk, ondo informatu daitezela, hausnartu dezatela, eztabaida dezatela eta alde edo kontra bozkatuz, baina galdeketan parte har dezatela.