Enrique Ramos eta Susana Garcia Chueca. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
PSE-EE alderdiko kideak harrituta daude PP eta EAJren jarrerarekin. Susana Garcia Chuecak adierazi duenez, “oraindik minduta daude zerga eta tasen inguruan adostasuna lortu dugulako udal gobernuarekin”.
Sozialistek Garraio Agintaritzan parte hartzeko gonbiteak piztu du berriro ere oposizioko alderdien arteko ezinegona. Udal gobernuak Gipuzkoako Garraio Agintaritzatik bere bi ordezkariak (Nora Galparsoro eta Axier Jaka) atera eta PSE-EEri eskaini dio batzordeko kide izateko aukera. Ernesto Gasco izango da titularra eta ordezkoa izendatzea falta da orain.
Garcia Chuecak adierazi duenez, hilabeteak eman dituzte beraien partaidetza eskatuz, eta azkenean lortu dute. “Ernesto Gasco txartel bakarraren bultzatzaile sutsua izan da hasiera hasieratik, eta bere ekarpena oso baliagarria izango da Garraio Agintaritzan; inork merezi badu, berak merezi du bertan egotea”, esan du Garcia Chuecak.
Gipuzkoako Garraio Agintaritzan Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Donostia, Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Arrasate eta Hernaniko ordezkariak biltzen dira, mugikortasun jasangarri baten alde aritzeko. Mugi edo autobus eta tren zerbitzuak bateratzeko txartel bakarra izan da batzordearen lan ildo garrantzitsuenetarikoa.
Donostiako udalak bi ordezkari ditu batzordean. Legealdiaren hasieran, Denis Itxaso sozialista ere Garraio Agintaritzan zegoen, baina oposiozoko alderdiek bat egin eta San Markos Mankomunitateko ordezkaritza ere PSE-EEri ematean, Bilduk ordezkari sozialista Garraio Agintaritzatik kanporatzea erabaki zuen.
Orain Bilduk berriro eskaini die aukera sozialistei, eta PP eta EAJ alderdien salaketa guztiak ukatu nahi izan ditu PSE-EEk. Garcia Chuecak adierazi duenez, harremana dute Bildurekin, udal gobernua delako, baina akordioak puntualak dira, gainerako alderdiek egiten dituztenak bezalaxe. Zentzu horretan, sozialistek ez dute ulertzen PP eta EAJren “urduritasuna”. Garcia Chuecaren hitzetan, “zentzuz jokatu beharra dago. Ezin da gobernu bat osatu eta gobernu hori ito, mugitzeko aukerarik eman gabe. Ez dugu ulertzen gure akordioek zergatik izan behar duten ezkutuko baldintzaren bat eta besteen akordioak herritarren onurarako eginak diren”.