Zuhaiztiko gizarte zerbitzua handitu du udalak, arreta hobea eskaintzeko
Egia eta Gros auzoei emango die zerbitzuak, guztira, 38.323 biztanleri.
Donostiako Udalak Zuhaiztiko gizarte zerbitzuetako zentroan handitze lanak egin ditu, bertako arreta hobetzeko eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko. Ekainean hasi ziren olanak, eta 112.494,40 euroko aurrekontua izan dute. Hiru bulego berri eta artxibategi bat egin dituzte. Zentroak 65,35 metro koadro gehiago izango ditu aurrerantzean. Baliabideak eta azpiegiturak hobetzea izan da lan hauen helburua.
Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziak zentro honen garrantzia nabarmendu du: «Hiriko gizarte zerbitzuguneak oinarrizko gizarte zerbitzuen euskal sistema osoaren sarrera dira, eta bertan tramitatzen dira alor honetako baliabide eta laguntza guztiak. Gogorarazi nahi dut iaz 2.722 familia artatu zirela zentroan, horietako 512 familia lehendabizikoz, 491 etxez etxeko bisita egin dituzte eta 3.133 zerbitzu eta prestazio izapidetu dituzte”. Egia eta Gros auzoei emango die zerbitzuak, guztira, 38.323 biztanleri.