Gaur egungo 'Hamlet' euskalduna taularatuko dute Gazteszenan
http://youtu.be/21uRW6NVolo
Xabier Mendigurenek moldatutako bertsioa eskainiko dute zazpi aktorek Egian, ostegunetik igandera, 20:00etan.
William Shakespeare-en Hamlet, obra zinez ezaguna da, baina oraingoan, euskal moldaketaz gozatzeko aukera izango da hirian. Le petit theatre de pain, Dejabu eta Artedrama antzerki taldeek bat egin dute bigarren aldiz, eta Egiako Gazteszena betetzea espero dute ostegunetik igandera, 20:00etan. Ximun Fuchs da zuzendaria, eta Xabier Mendigurenek idatzi du antzezlanaren moldaketa; hala, egungo gizartearen kezka, arazo eta ezaugarriak islatzen dituela ziurtatu dute obrako kideek, gaurko prentsaurrekoan. Gaur egungo euskaldun gazte bat izango da Hamlet oraingoan, eta gaztaroa eta belaunaldien zama moduko gaiak landuko ditu antzezlanak. Taula gainean zazpi aktore arituko dira: Ander Lipus, Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs, Maika Etxekopar, Iñaki Ziarrusta, Miren Tirapu eta Urko Redondo; eta 20 pertsonaia baino gehiago interpretatuko dituzte guztien artean.
Errautsak antzezlanarekin bildu ziren lehen aldiz hiru antzerki taldeak, eta izandako arrakastaren ondoren, berriro ere bat egitea erabaki dute. “Elkarrekin beste ikuskizun bat egin nahi genuen, erronka ekonomiko eta artistiko interesgarria iruditzen zitzaigulako. Bagenekien ez genuela Errautsak 2 egin behar. Aktore batek Hamlet proposatu zuen, eta Xabier Mendigurenekin harremanetan jarri ginen”, azaldu du Ximun Fuchs zuzendariak. Hala, Hamlet ezagunaren euren bertsioa egin dute. Zuzendariak azaldu duenez, 2.000 teoria baino gehiago daude Hamlet pertsonaiaren inguruan: homosexuala zela, judutarra zela, emakumea zela… oraingo honetan, esan bezala, euskaldun gazte bat izango da. Xabier Mendigurenen hitzetan, erronka bat izan da Hamleten euskal bertsioa sortzea: “Itzulpena baino zerbait gehiago eskaini behar genuen, baina jatorrizkoaren ispiritua mantenduz”.
Ander Lipusek argi utzi du gogoz datozela Donostiara. “Pozgarria da Donostian lau emanaldi emateko aukera izatea, horrek esan nahi du hemen baditugula jarraitzaileak. Gogotsu etorriko gara Hamlet berezi hau eskaintzera, eta orain arte izan dugun publiko fidelak hutsik ez egitea espero dugu”.