Alkatearen dimisioa nahi du PPk
Alderdi Popularraren arabera, Juan Karlos Izagirre ez da bere kargua behar bezala betetzeko gai. Ramon Gomez, PPko bozeramailearen hitzetan, “Izagirre Donostiako alkatea da, baina ez da hiriaren beharrak kudeatzeko gai, eta batez ere, ez da hiriaren osotasuna defendatzeko gai, beraz bere kargua utz dezala”.
Bestalde, herri galdeketa dela eta, kontsultaren osteko balorazio bat nahi du PPk; ez-ohiko udalbatzar bat eskatuko dute, udal gobernuari eta batez ere alkateari erantzunkizunak eskatzeko. Ahal balute zentsura mozio bat eskatuko luketela esan du Gomezek, baina momentuz ez-ohiko bilera bat nahi dute eta bertan Izagirreren kontrako gaitzespen bat aurkeztuko dute.
Udalbatzaren laurden bat behar da ez-ohiko bilera bat eskatzeko, zazpi sinadu beraz. PPk baditu sei, eta PSE-EEren babesa espero du bere asmoa aurrera ateratzeko. Izan ere, EAJk dagoeneko adierazi du bere ezezkoa, Goiaren arabera, herri kontsulta bat egitea ez baita ez-ohiko udalbatzar bat egiteko moduko gaia.
PPko ordezkariak ere ez dira igandean Igeldon izango, euren ustez “iruzur hutsa” baita Igeldoko galdeketa prozesua.