Behobia-Donostiako korrikalari bakoitza uneoro non dagoen jakiteko aukera egongo da
Donostiako Akting enpresak eskuko telefonoetarako RunLoc aplikazioa sortu du.
28.000 partaide baino gehiago izango ditu igandeko Behobia-Donostiak, eta guztiak ere lasterketako une bakoitzean non dauden jakiteko aukera egongo da. Izan ere, Donostiako Akting teknologia enpresak RunLoc izeneko aplikazioa sortu du eskuko telefonoetarako, eta hari esker, korrikalari bakoitza jarraitzeko aukera egongo da.
Aplikazioaren aurkezpena egin dute gaur goizean, eta Fortuna kirol elkarteko Iñigo Etxeberriak sekulako lorpena dela ziurtatu du. “Zalegoari zerbitzu zuzena eta bikaina emango dio. Aurtengo lasterketako berrikuntza garrantzitsua izango da. Halako zerbait egin nahi zuten teknologia enpresa indartsuen proposamenak jaso izan ditugu, eta azkenean bertako enpresa gazte batek topatu du gakoa”, aipatu du Etxeberriak.
Google play eta App Store bidez lortu daiteke aplikazioa doan. Hala, erabiltzaileak bertan nahi duen korrikalaria aukeratuko du, eta bere kokapen zehatzaren berri jasoko du. Gainera, nahi adina korrikalari hautatu daitezke. Izan ere, korrikalarien txiparen bidez lortzen du informazioa aplikazioak.
Zehazki, igandeko lehian estreinatuko dute ofizialki RunLoc, baina dagoeneko bere erabilpena frogatu dute bi lasterketetan. Donostiako Maratoirako ere prest egotea espero dute.