Lasterketa ezagunean 56 kirolari elbarrik parte hartuko dute
Babesle nagusiak galdu dituen arren, aurten ere Behobia-Donostian gutxitasun fisikoak dituzten lagunen partehartzea ziurtatu du Kemenek.
49. Behobia-Donostian milaka korrikalarik parte hartuko dutela jakina da, baina beraiekin batera, ez dute hutsik egingo kirolari elbarriek 29. urtez jarraian. Kemen kirol elkarteak elbarrien alde lan egiten du, beraiek ere halako kirol jardueretan parte hartzeko aukera izan dezaten, eta aurtengoan, zailtasunak izan dituen arren, partehartzea ziurtatu du. Guztira, gutxitasun fisikoak dituzten 56 partaide izango dira lehian: 8 gurpil aulkian, 25 handbike-ean, 18 ikusmen arazoekin eta korrika joango diren 5 elbarri. Aurten beraien partaidetza ziurtatzeko zailtasun nagusia babesleen falta izan da, baina erakunde publikoen diru-laguntzei esker aurrera egitea lortu du Kemenek bere helburuarekin.
Gaur eguerdian egin dute elbarrien lehiaren aurkezpena, eta bertan, Txema Alonsok jaso du aurtengo Kemen boluntariotza saria. Saiatu elkarteko kidea da Alonso, eta oparitutako makilaren bidez, hainbat urtez kirol egokituaren alde egindako lan boluntarioa eskertu nahi izan dio Kemenek. Hunkituta jaso du saria Alonsok, eta iaz errepide istripu batean hildako Joseba Larrinaga izan du gogoan. Izan ere, Larrinagak Saiaturen sorreran parte hartu zuen, eta kirolari paralinpiarra izatera iritsi zen.