Hiriaren osotasunari erasotzen badiote, epaitegietara joko du PSE-EEk
Sozialistek zalantza asko dituzte Igeldoko herri kontsultaren inguruan. Ez daude ados ez galdeketarekin eta ezta prozesuarekin ere. Foru Aldundiaren neutraltasun falta salatu du Ernesto Gascok, eta Donostiaren osotasunari egindako beste eraso bat dela adierazi du. “Gauzak gaizki egin dira hasieratik; Bilduk beste saltsa batean sartu gaitu berriro ere, eta orain ez dakite nola atera Igeldoko saltsatik”, esan du Gascok.
Dena dela, sozialistek argi dute azken muturreraino joango direla hiriaren osotasuna apurtzen saiatzen badira. “Ikusiko dugu zer gertatzen den igandeko emaitzaren ondoren, baina behar bada, epaitegietara eramango dugu Aldundia”. Lehen ere, Igeldoren auzia epaitegietan erabaki beharrekoa dela uste du PSE-EEk.
Sozialistak ez dira begirale gisa joango Igeldora. Areago, herri kontsulta iruzur hutsa dela uste dute, tresna politiko gisa erabili duena Bilduk. Zentzu horretan, benetako herri partaidetzak eta herri kontsultek duten zentzua “kutsatu” dutela salatu du Gascok.
PPk ez-ohiko udalbatzarra egiteko eskaerari dagokionez, sozialistek ez dutela Bilduren “saltsak” konpontzen ahalegintzeko arazorik esan du Gascok. Bozeramaileen bilera baten bidez, edo hala behar bada ez-ohiko udalbatzar baten bidez, baina Igeldoren auzia konpondu beharra dagoela uste dute sozialistek. Dena dela, lehenik Foru Aldundiaren erabakiak edo pausoak aztertu behar liratekeela uste du PSE-EEk.