Axier Jaka, partaidetza zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udaleko lau ordezkari joango dira igandean Igeldora begirale gisa.
Axier Jaka, partaidetza zinegotziak txalotu egin du Foru Aldundiak Igeldon herri galdeketa egiteko erabakia. Politika egiteko beste eredu baten aldeko apustua dela adierazi du, eta udal gobernua ere norabide horretan ari dela lanean. Hau da, herritarrak ere aktore politiko gisa harturik. Beraz, herri galdeketan parte hartzeko deia luzatu die igeldotarrei. “Donostiaren interesak defendatzea eta herritarren borondatea errespetatzea ez dira bateraezinak”, esan du Jakak.
Juan Karlos Izagirre alkatea izango da galdeketan parte hartuko ez duena, dagokion neutraltasunari eutsiz. Prozesua hasi zenetik izan duen jarrerari eutsiko dio beraz alkateak.
Dena dela, udal gobernuak kontsultaren prozesua babestu du eta Aldundiak eskainitako informazioaren arabera, galdeketak berme juridiko, legal eta demokratiko guztiak betetzen dituela adierazi ditu Jakak. Aldundiak talde politiko guztiak gonbidatu zituen prozesuaren berri eman eta ekarpenak egiteko, baina Bilduk bakarrik erantzun zion gonbitari.
Axier Jaka bera ere Igeldon izango da igandean, begirale gisa. “Oraindik behintzak igeldoko herritarrak donostiarrak dira eta beren erabakitzeko eskubidea errespetatzen dela eta bozketa prozesua egoki egiten dela bermatu behar dugu”, esan du Jakak. Gainerako alderdi politikoetako ordezkariek ere jaso dute begirale gisa joateko proposamena, baina ez dute onartu. Javier Garcia, Lehendakaritzako zuzendaria, Amaia Agirreolea, Herri partaidetza ataleko arduraduna, eta Aitor Ibero, alkatzetzako gabinete burua egongo dira Igeldon Axier Jakarekin batera.
Bestalde aste honetan udal gobernuak eskatutako txosten teknikoa eman dio Foru Aldundiari.”Erakunde arteko harremanak errespetatzen saiatu gara eta eskatu digutena eman diegu; txosten guztiak mahai gainean izanda eta igandeko emaitza ikusita, Aldundiarena izango da pausoak emateko ardura”, esan du Jakak. Dena dela, udal gobernuak berak ere galdeketaren emaitzaren inguruko balorazioa egingo du astelehenean bertan.