
Datorren urtean ere TAO txartela eduki nahi duenak ez du Mugikortasun sailera joan beharrik izango txartela berritzera. Neurri hori TAO ordenantza berrian jaso diren abantailetako bat da, herritarrei erraztasunak ematea helburu duena.
Hala ere, berritzeko asmorik ez dutenek urtarrilaren 1a baino lehenago jakinarazi beharko diote Mugikortasun sailari. Izan ere, hala egiten ez badute, beste urtebetez berrituko zaie txartela automatikoki.
Mugikortasuneko zinegotzi Jon Albizuk nabarmendu duenez, “TAO ordenantza berriaren onarpenari esker onartutako sistema hau errazagoa eta erosoagoa da bai herritarrentzat eta baita administrazioarentzat ere. Izan ere, urte batetik bestera txartelari uko egiten dioten pertsonak askoz ere gutxiago dira berritzen dutenak baino”.
Bestalde, txartela lehenengo aldiz eskuratu nahi dutenek inprimaki bat bete eta bi baldintza bete beharko dituzte soilik: Donostian bizitzea eta ibilgailuren bat edukitzea. Lehen gida-baimenaren, zirkulazio-baimenaren eta aseguru-polizaren kopiak aurkeztu behar izaten ziren.