Gaur egun Bilbao Basket baino hobea dela erakutsi du Gipuzkoa Basketek Illunben (83-71)
Bilbao Basketen bisita beti izan da berezia. Derbia izanik, eta bizkaitarrak goiko postuetan ibili ohi zirenez, Gipuzkoa Basketek lotsagabe jokatzen zuen partida bereganatzeko helburuarekin. Bada, Bilbao Basket faboritoa zen garai horiek amaitu dira, gaur egun donostiarrak hobeak direla erakutsi baitute larunbata gauean Illunben (83-71). Arazo handiak izango dituzte bizkaitarrek aurten, arazo ekonomikoak direla eta ez baitute beste urteetan zuten taldea osatu. Horrenbestez, aurkari zuzena izango du Gipuzkoa Basketek maila mantentzeko orduan; beraz, derbia irabazteak dakarren poztasuna ekartzeaz gain, etorkizunera begira lortutako garaipen garrantzitsu bat ere bada gaur lortutakoa.
Jaun eta jabe izan dira donostiarrak lehen bi laurdenetan, eta 16 puntuko aldea pilatzera iritsi dira partidaren une batean; atsedenaldira alde horrekin joan dira, hain justu (50-34). Hirugarren zatian kanpokoek lortu dute markagailuan gerturatzea. Azken laurdenean, gainera, bazirudien saskiratze bat lortzea ezinezkoa zela, eta horrek ireki du partida. Nekeak jota, bi taldeek hiru minutu eman dituzte saskiratu gabe, akatsak pilatzen. Donostiarrek, baina, abantaila polita zuten eta bizkaitarrak lau puntura gerturatzea besterik ez dute lortu horregatik (72-68).
Sito Alonsoren jokalarien artean kalitate gehiago dagoela ikusi da orduan, norgehiagokaren azken bi minutuetan; Jason Robinsonek eskumutur fina duela, tartean (bera izan da lehiako saskiratzaile onena). Bilbao Basketek, Mumbru eta Hervelleen lan eskasa etsai, oso zaila izan du azken txanpako joko erauntsia geratzea. Izan ere, garaipena gertu izanda, haren bila joan dira donostiarrak zuzenean, beldurrik gabe, laugarren laurden horretako joko eskasari buelta eman eta gero.
Garaipen honekin, Gipuzkoa Basketek bigarrena lortu du Endesa Ligan, eta hiru partida jarraian galtzera eraman duen bolada eten egin du. Bilbao Basket, aldiz, sailkapenaren zuloan dago, garaipenik gabe, eta bost porrotekin. Bilbotik zetorren talde arriskutsu haren arrastorik ez dago.