Haur eta gurasoak izan dira lehenak korrika egiten, Behobia Txiki dela eta
Behobia-Donostia izango da igandean, helduen herri lasterketa. Larunbata arratsaldea, berriz, haur eta gazteen txanda izan da, urtero bezala. Behobia Txikin parte hartu duten bi milatik gora korrikalariek Anoetako estadio txikia hartu dute eta, adinaren arabera banatu eta gero, korrika ibili dira. Txikienek, 0 eta 2 urte bitartekoek, gurasoen laguntzarekin egin dute korrika; estadioaren berdegunean, hain justu. Gainontzekoek atletismo pista hartu dute, eta helmugako arkutik pasa dira.
Harmailak lepo egon dira, guraso eta senideen artean ikusmin handia sortu baitu Behobia Txikik. 0 eta 2 urte bitartekoek ibilbide itxi bat egin dute belargunean barrena; 3 eta 5 urte bitartekoek, 100 metro pistan; 6 eta 7 urte bitartekoek, 200 metro; 8 eta 9 urte bitartekoek, 400 metro; 10 eta 12 urte bitartekoek, 800 metro; eta 13 eta 15 urte bitartekoek, 1.200 metro. Izerdia bota eta gero, haur eta gaztetxoek mokadutxo bat jateko aukera izan dute.
Bitartean, Anoeta estadioaren ondoan, Belodromoan alegia, Korrikalariaren Azoka egin dute. Milaka pertsona pasa dira hortik, azken uneko erosketak egiteko eta igandeko lasterketa korritzeko dortsala jasotzeko.