Irrifar batekin agurtu dituzte Andoni Areizaga, Josi Hernandez eta Iñaki Cuellar mendizaleak
Andoni Areizaga, Josi Hernandez eta Iñaki Cuellar mendizale donostiarrak auto istripu batean hil ziren Labennen (Frantzia), urria hasieran. Furgonetako gidaria, Bernard Doumerq, ere hil egin zen. Txiletik zetozen laurak, hilabeteko espedizio batetik. Gertaerak lur jota utzi zituen donostiarren senideak eta lagunak, eta horregatik omenaldi publiko bat prestatzea erabaki dute hiruek, eta furgonetako gidariak ere, merezitako agurra jaso dezaten. Omenaldia gaur izan da Egiako parkean, eta jende ugarik hartu du parte, bai antolaketa lanetan, eta baita goizean zehar egin diren ekitaldietan ere.
Festa giroan egin dute omenaldia, zendutako mendizaleak «irrifar batekin» gogoratzeko: bertsoak, dultzaineroak, musika, mendizaleei buruzko proiekzioak, mokadutxoa jateko aukera… denetarik izan da. Vasco de Camping elkarteko presidente Txema Garaik mendizaleek eurek nahiko luketen agurra prestatu dutela nabarmendu du. «Dauden lekuan daudela, begi-keinu batekin agurtzen ariko gaituzte, beti zuten irrifar handi horrekin», adierazi du Garaik. Areizaga, Hernandez eta Cuellar Vasco de Camping elkarteko taldekideak ziren; eta Areizagak, gainera, mendi eski saila eta urtero antolatzen duten Altitoy lasterketa ezagunaren ardura zuen.
«Mendian lagunak izaten dira bihotzetik hurbilago» esaldiarekin amaitutako bertso hunkigarria ere abestu dute, eta mendizaleen argazkiekin egindako erreportaje bat proiektatu dute.