Partida negargarria egin du Realak Santiago Bernabeun (5-1)
Hamabi minutu besterik ez du iraun Realak bizirik Santiago Bernabeu futbol zelaian; hain justu, Real Madrilek eta Cristiano Ronaldok bere lehen gola lortu duten arte. Hortik aurrera, atsedenaldia iritsi aurretik, beste hiru gol lortu dituzte Benzemak, Cristiano Ronaldok berriro eta Khedirak. Txuri-urdinak, bitartean, lo ziren, partida negargarria egiten.
Bigarren zatian Real Madril izan da lo hartu duena, eta bere jarraitzaileen txistuak jaso ditu horregatik, nahiz eta 4-0ekoa izan markagailuan. Partida erraza, oso erraza ikusi dute hor nonbait, eta Realak ez du ezer egin pentsamendu horren kontra egteko. Horrenbestez, norgehiagoka aspergarria izan da, motela, ezer gertatzen ez den horietakoa, golak egon arren. 61. minutuan Griezmannek lortu du 4-1ekoa, gol ederra. Frantziarrak bere bolada onari eman dio jarraipena, eta madrildarren arean arriskua eraman duen bakarretakoa izan da donostiarren aldetik. Zuriek, baina, ez dute gehiegi egin behar izan bosgarrena egiteko, Cristiano Ronaldoren bitartez berriro ere.
Ahazteko partida izan da, eta jada bat baino gehiago dira Santiago Bernabeun. Izan ere, Realak 18 gol jaso ditu Real Madrilen zelaian azken lau partidetan.