Igeldotarrak bozkatzen ari dira
Herri galdeketa Itsas Aurre kultur etxean egiten ari da eta goizeko 9:00etatik ari dira igeldotarrak bozkatzen.
Igeldo udalerria izatea nahi duzu galderari baiezkoa ala ezezkoa erantzuten ari dira igeldotarrak gaur egiten ari den kontsulta baten bitartez.
Aurrera eraman den partaidetza prozesuaren muina da gaurkoa. Izan ere, azken hilabeteotan Herri Kontseiluak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak informatzeko eta eztabaidatzeko mahai inguruak antolatu dituzte eta gaurko eguna horren guztiaren ondorio da. Horrenbestez, goizean goizetik igeldotarrak bozkatzen ari dira, euren iritzia plazaratzeko.
Posta bidez dagoeneko 883 herritarren %10ak bozkatu du. Kultur etxera hurbiltzen ari direnen artean, batzuk etxetik ekarri dituzte euren bozkak; beste batzuk, berriz, bertan dauden gutunazal eta paperekin bozkatu dute.
Kultur etxea 20:00ak arte egongo da irekita eta 20:30etan emango da emaitzen berri, kontaketa publiko baten ondoren.

Igeldotar bat bozkatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)

