Martuteneko bizilagunekin bildu dira udal ordezkariak. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Martutenen eta Txomin Enean izandako azken uholde handietatik bi urte igaro dira, eta udal gobernua ezbeharra pairatu zuten herritarrekin bildu da astelehen arratsaldean, Urumean aurreikusitako lanen berri emateaz gain, orain arte egindakoaren errepasoa egiteko. Hitzorduaren garrantzia udaletik etorritako ordezkari kopuruan islatuta geratu da. Izan ere, hamabost bat udal ordezkari hurbildu dira uholdeen aurkako neurrien nondik norakoak azaltzeko; Juan Karlos Izagirre alkatea, Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaran, Babes Zibileko zinegotzi Nekane Burutaran, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsoro, Mugikortasun arloko zinegotzi Jon Albisu eta Informazio eta Partaidetza zinegotzi Axier Jaka, besteren artean. Hauekin batera, suhiltzaileen burua eta zenbait teknikari izan dira Martuteneko Gaztelekuan egindako bileran. Asteartean bilera errepikatuko dute Txomin Eneako bizilagunekin, 20:00etan, kultur etxean.
Alkateak hartu du hitza lehenik, eta azken bi urteetan auzotarrekin egindako elkarlana nabarmendu du, betiere uholdeak saihesteko edo hauen kalteak txikitzeko bidean. Duela bi urte larrialdi plan berri bat zegoela ekarri du gogora, baina onartu du honek huts egin zuela. Hori dela-eta, orduz geroztik plana fintzen ibili direla jakinarazi du, eta auzotarren ekarpenekin osatu dutela aitortu du. Era berean, erakundeen arteko batzordean auzotarrek ere hitza izatea lortu dutela azpimarratu du, Juan Karlos Izagirreren arabera, batzordea osatu zutenean hori jarri zutelako baldintza gisa. “Arazoari denen artean konponbidea ematea da gure konpromisoa, eta ez dut esateagatik esaten. Uholdeen eragina arintzeko Urumean egin beharreko plana auzotarren ekarpenekin osatzen jarraituko dugu”, berretsi du alkateak.
Hori esanda, orain arteko hartutako neurriak esplikatu dituzte banan-banan; azkena, azken udalbatzarrean hartutako erabakia. Hain justu, joan den urriaren 31n, udal talde guztiek bat egin zuten Urumean egin beharreko lanei atea irekiko dien dokumentuari argi berdea emateko orduan. Dokumentu hori osatzeko garaian auzo elkarteek egindako ekarpenak kontutan hartu dituzte. Lanak oraindik ikusgarriak ez direla aitortu dute, izapideak izan direlako nagusi orain arte, baina poliki-poliki egitasmoak aurrera egingo duela ziurtatu dute.
Hau guztiaren berri emateko ez ezik, astelehen arratsaldeko bilera ere iritzia emateko beste espazio bat izan da auzotarrentzat, eta oraingoan ere ez dute aukera galdu. Udal ordezkariek, bitartean, zintzo zintzo jaso dituzte zalantzak, ekarpen gisa erabiltzeko ez bada ere, epe laburrean bizilagunei erantzunen bat emateko asmoz. Kezken artean, Martuteneko bizilagunek ea Urumea gaineko zubiak metro bat gutxiago izan dezakeen galdetu dute; zazpi metro beharrean sei metro izatea, alegia. “Metro batek asko eragingo dio auzoari; errepidea eta kaleak metro bat gorago egongo liratekeelako, horrek suposatzen duenarekin”, esan du Jesus Seco auzotarrak. Zubia Ura agentziaren eskumena dela erantzun dute udal ordezkariek, baina batzordearen hurrengo bileran galdera hori mahaigainean jarriko dutela esan dute.
Era berean, lanen epeei buruz galdetu dute bizilagunek, baita Iberdrolaren sorgailuari buruz ere, ibaiak gainezka egiten duenean bizilagun batzuk argi indarrik gabe geratzen direlako. “Kanpoaldeko sorgailurik ez dago hirian, lur azpian egotea baita udalaren irizpidea. Dena dela, lurperatuta joango ez den sorgailu baten prroposamena egiteko eskatu genion Iberdrolari. Proposamena heldu zitzaigun, baina landuago egiteko eskatu genien. Bigarren diseinuaren zain gaude”, azaldu dute teknikariek.
Ikastola aurreko bidea oinezkoentzat eginez gero, Tranbia kaleak pairatuko lukeen errepide-zirkulazioaz ere kezkatuta azaldu dira auzotarrak. Eta epeei buruzko galderara bueltatuz, udalak berretsi du 2014ko apirilerako Ura agentziak lur guztien jabetza izango duela, dagozkion lanak egiteko. Hori bai, esan du apiriletik abendua bitartean lanak esleitzeko epea izango duela agentziak. Horrenbestez, lanak noiz hasiko diren ezin dutela esan onartu dute udal ordezkariek.
Bestalde, auzotarrekin biltzea aberasgarria dela erakusten duen beste adibide bat eman da; kasu honetan, udalak “akats” baten berri izan du, jakinaren gainean ez baitzegoen gaur arratsaldea arte. Hain zuzen ere, Okendotegi kaleko bizilagun Txaro Urrestarazuk aipatu du joan den urriaren 4ean errekak gainezka egin zuela, eta garajeak urez bete zirela. Udaltzaingoa iritsi zenerako, bidean zeuden zuhaitzak eta lokatza garbituta zuten dagoeneko, baina beranduegi zen. “Ez da erantzun zuzena eman. Begiratuko dugu zergatik gertatu da horrelakorik. Beste gauza bat da arazoaren konponbidea, errekatik datorren arazo bat dirudielako, ez Urumeatik”, adierazi du alkateak.
Iritziak iritzi, ekarpenak ekarpen, udal gobernuaren eta auzotarren arteko komunikazioak funtzionatzen duela dirudi, uholdeak gertatu eta bi urte geroago.