Igeldoko herri kontsultaren inguruko balorazioa egin dute aldundiko Garbiñe Errekondok eta Arantza Ruiz de Larrinagak. Hilabete batzuen buruan aldundiak bere erabakiaren berri emango duela aurreratu dute.

Arantxa Ruiz de Larrinaga, Herritarren Partaidetzarako zuzendari nagusia eta Garbiñe Errekondo, Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatua. (Argazkia: E. Zabala)
Igeldok Donostia izaten jarraituko duen edo ez oraindik argitzeko dago. Edonola, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo egindako herri galdeketaren balorazioa egin du, eta hurrengo pausoak zeintzuk izango diren ere argitu du. Zehazki, Arantxa Ruiz de Larrinaga, Herritarren Partaidetzarako zuzendari nagusia, eta Garbiñe Errekondo, Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatua, agertu dira komunikabideen aurrean, eta hilabete batzuen buruan aldundiak bere erabakiaren berri emango duela aipatu dute. “Prozedura irekia da, ez dago epe jakinik. Aldundiak bere bidea egindo du bere erabakia hartzeko”, argitu du Errekondok.
Azken batean, pozik agertu dira aldundiko kideak Igeldoko herri galdeketak izandako erantzunarekin; eta hiru kontu nabarmendu dituzte: Igeldotarrek gogoa eta beharra zutela euren iritzia emateko, eta denek agertu nahi izan dutela; bai edo ez bozkatu, herritar guztiek ontzat eman dutela galdeketa; eta prozesu guztian demokrazia zuzena izan dela erabilitako bidea.”Komunitate aktibo eta partehartzailea dela argi utzi dute, baita iritzi desberdinak dituztela ere”, aipatu du Ruiz de Larrinagak.
Prentsaurrekoan aipatu dutenez, 1995ean hasi zuten Igeldoren inguruko espedientea, eta ordutik hainbat txostenen bidez osatu dute. “Itsas Aurre Elkarteak bere txostena osatu du, Donostiako Udalak bere txostena osatu du eta Aldundiak bere txostena osatuko du. Eguneratu egin nahi dugu”, azaldu du Errekondok. Hala, txosten hori osatzeko, bereziki Igeldoren bideragarritasun ekonomikoa eta lurralde antolaketa aztertuko dituztela argitu dute. Aurrera begira, prozesu guztiaren balorazio orokorra abenduan egitea aurreikusten du aldundiak.
Orain, aldundiak osatzen duen txostena Igeldoko espedientean sartuko dute, eta aldundiko diputatuen kontseiluak hartuko du azken erabakia. Aldi berean, ordea, Donostiako Udaleko batzarrak bide judiziala zabaldu zuela gogorarazi dute, eta ez dakitela horrek zertan eragingo duen.