Aieteko Haurtxokoa. (Argazkia: Xabier Etxabe)
Aurreikuspenen arabera zerbitzuen kudeaketa berria otsailean hasiko da, eta 1.500.000 euro bideratuko dituzte 2015eko ekaina arteko jarduna egiteko.
Udal gobernu batzordeak Haur Txokoen, Gazteleku sarearen, Kontadoresen eta Etxarriene auzo etxearen kudeaketa oinarriak onartu ditu. Zortzi auzotan daude kokaturik haur eta gazteei zuzendutako azpiegitura hauek, eta zerbitzu hauen kudeaketa aisialdiko heziketan lan egiten duten tokian tokiko taldeei zabaltzea da asmoa, talde hauek auzoetan erroturik egonez eta bertako errealitatea ezagutuz euren esperientzia baliatu ahal izango delako.
Naiara Sampedro gazteria zinegotziak adierazi du zerbitzu balioanitzak eta hurbiltasunekoak izanik, lehentasuna emango dietela tokian tokiko ezagutza duten taldeei. Horregatik, zerbitzu hauek lau taldetan banatu dituzte: Egiako Haur Txokoa eta Gaztelekua, Martuteneko Haur Txokoa eta Gaztelekua eta Etxarriene zentroa doaz lehen taldean. Aieteko Haur Txokoa eta Gaztelekua, Amarako Haur Txokoa eta Gaztelekua eta Antiguako haur eta gazte elkargunea bigarrenean. Hirugarrenean Bidebietako Haur Txokoa eta Gaztelekua, Groseko Haur Txokoa eta Gaztelekua eta Intxaurrondoko Haur Txokoa eta Gaztelekua. Eta azkenekoan, Kontadores gazte gunea.
Sampedrok nabarmendu duenez lehiaketa publiko honetan klausula sozialak ezarri dituzte eta hezitzaileen lan hitzarmena betearaziko dute. “Baldintza berrietan langileen eskubideak bermatzeaz gain, berdintasuna sustatzea, hizkuntza betebeharrak zaintzea eta ingurumenaren jasangarritasuna babestea aintzat hartuko dira, zerbitzuen kontratazio sozialki arduratsua egitea baita gure lehentasuna, eta hitzarmen berri bat ezarriko dugu”, esan du Sampedrok.
Jolastuz hezi
Haur Txokoak eta Gaztelekuak, Donostiako haur, nerabe eta gazteek astialdi eta aisialdian gozatzeko eta ikasteko guneak dira. Sampedro jolasaren bidez hezteko espazio hauen garrantziaz mintzatu da, eta “sare honek baloreetan oinarritutako hezkuntza proiektua izan nahi du, errespetua, askatasuna, berdintasuna, aniztasuna eta elkartasuna ardatz hartuta. Ongi pasatzeko eta heziketarako tresnak eskaintzen dira bertan metodologia parte hartzailea, aktiboa eta zuzena erabiliz”, esan du.
Erabilera datuen arabera, aurreko ikasturtean 63.410 erabilera izan zituzten: 34.648 Haur Txokoek eta 28.762 Gaztelekuek, bataz beste, 4.639 eta 3.762 erabiltzaile dituzte hilean, hurrenez hurren; 28 eta 24 erabiltzaile eguneko. Etxarriene zentroak, berriz, 11.768 erabilera izan zituen ikasturtean zehar, bertan egindako ikastaroetan 5.303 lagunek parte hartu zutelarik eta beste 1.133 lagunek kultur jardueretan. Kontadoresek, berriz, 5.994 erabilera izan zituen, bataz beste egunean 30 gaztek erabiltzen dutelarik azpiegitura hau.
Kudeaketa berriarekin sare guztian dauden espazioen ordutegia bateratu egingo dute, astean zehar ordu erdi lehenago itxiz eta larunbatetan orain arteko ordutegia mantenduz. Bestalde, 38 lanpostuak mantendu egingo dituzte, eta orain bezala, Haur Txoko eta Gaztelekuak uztailean eta abuztuan itxita egongo dira.