Hiriko pasabideen egoera aztertzeko Benta Berri hartu dute erreferentzia gisa.
Udalak pasabide eta espaloi igarobideak arautzen dituen ordenantza eguneratuko du aurki. Ordenantza hori betetzen ez duenak gutun bat jasoko du, eta 15 eguneko epea emango diote beharrezko izapideak egiteko.
Udal gobernuaren azterketen arabera, honakoak lirateke arau-hauste ohikoenak:
-Pasabideek ez dute Administrazioaren baimenik eta jarrita dituzten ikurrak legez kanpokoak izaten dira.
-Pasabideen jabeek ez dute irekiera lizentziarik izaten.
-Pasabidea duten lokaletan ez da jarduerarik egoten.
-Ikurrak egoera txarrean egoten dira.
Hortaz gain, espaloi igarobide asko erroldatu gabe daude oraindik, eta laster horiek ere arautuko dituzte, dagozkien tasak ordain ditzaten.
Araudiaren eguneratzearen ondorioz, arau-hausleek 300 euro arteko isunak ordain ditzakete, ikurrak udal baimenik gabe jartzeagatik, adibidez. Araudia betetzen ez dutenei pasabidea jartzeko lizentzia ere kendu diezaieke udalak.
Beraz, isunak saiheste aldera, udal gobernuak beren egoeraren berri emateko eskatu die erabiltzaileei. Hau da, beren pasabideak edo espaloi igarobideak ez dituela arauak betetzen ohartzen badira, mugikortasun sailera (Urdaneta 13) joan daitezela egoeraren berri emateko.