Donostia euskalduntzeko bidea marrazten jarraituko dute
Bagera Elkarteak bultzatutako egitasmoaren azken saioa egin dute baina partaideek elkarlanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute.
Martxoaz geroztik, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak jardunaldi batzuk antolatu ditu euskararen erabilera sustatzeko, Bidea marraztera goaz leloarekin. Donostia euskalduntzeko bide berriak asmatzeko erronka du ekimenak, eta azken saioan aurretik proposatutako ekintzen artetik, egingarri eta bideragarri direnak hautatu eta garatzen saiatu dira, horretarako beharrezkoa den antolaketaz hausnartzeaz gain.
Urriaren 29an egin zuten topaketan lehentasunezko lan ildoak eta ekintza batzuk identifikatu zituzten. Horrela, eta lan ildo horiei jarraipena emateko, azken saioan taldeetan banatu dira zuzenean, lanean hasteko eta ekintzen proposamenak egiteko.
Erreferentziazko gune fisiko baten beharra
Komunitatea finkotu eta saretzearen lan ildotik aritu den taldeak aitortu duenez, ekintzak zehaztea zaila egin zaie, baina azkenean hiru ideia jarri dituzte mahai gainean: erreferentziazko gune baten beharra, aldarrikapen baten bueltan elkartzea eta egitarau iraunkor bat sortzea. Ondoren, hiru horiekin bozketa egin dute eta guztien artean harreman bat zegoela konturatu dira. Horregatik, gune fisiko baten beharraren garapena egin dute, beste biak horrekin lortu zitezkeelako.
Zertarako euskaldun?
Bigarren taldearen lan ildoa euskaren erabileran eragitea izan da eta hasieran proposatu dituzten ideiak oso abstraktuak izan direla azaldu duten arren, azkenean hiru hauekin aritu dira: kontzientziazioa, mintzapraktika eta auzoetan ekintzak euskaraz egitea. Talde ekintzak baino, ekintza partikularrak zirela konturatu dira eta hasierako asmoa aldatu dute, taldekide batek gogora ekarritako esaldi baten harira, zertarako euskaldun. Hor gatazka bat dagoela uste dute eta horretan sakondu behar dutela adierazi dute.
Herritarren eskaerak bideratzen laguntzea
Hirugarren taldeak administrazioan eragiteko egin behar direnak zehaztu ditu eta bi ekintzaren inguruan ibili da. Alde batetik, udalean dauden alderdietako euskaldunekin eta kanpoko eragile batzuekin biltzea, eguneroko eztabaidatik kanpo, gogoeta saioak egiteko. Bestetik, herritarrek dituzten eskaerak bideratzen laguntzea proposatu dute. Azken ideia izan da nagusitu dena, lehenengoa lan teknikoa dela ikusi dutelako.
Bagera Elkarteak antolatutako saioak gaur bukatu diren arren, taldeek ez dute ekintzak garatzeko denborarik izan eta hilabeteotan sortu diren ideia eta ekintzei jarraipen bat emateko, etorkizunean nola antolatu daitezkeen zehaztu dute, beste batean biltzeko eta proposamen eta eztabaidekin jarraitzeko. Azken batean, XXI. mendean Donostia euskalduntzeko helburuarekin.
[Gallery=114]

Donostia euskalduntzeko ekintzak proposatu dituzte. (Argazkia: Lide Ferreira)

