Igeldotarren eskaerari erantzuteko batzorde bat sortzea proposatu du PSE-EEk
Alderdi politiko guztietako ordezkariek eta Igeldoko Herri Kontseiluko ordezkari batek osatuko lukete PSE-EEk proposatutako batzorde berezia.
Igeldoko herri kontsultako emaitza ikusirik bere jarrera aldatzeko prest dagoela onartu du PSE-EEk. “Desanexioaren aldeko emaitzak argi utzi du igeldotar batzuk ez direla donostiarrak sentitzen; baina gutxi batzuen nahia ezin da osotasun baten interesen gainetik jarri”, esan du Ernesto Gascok.
Horregatik, Igeldoko auzia “denen artean” konpondu beharrekoa dela uste dute eta proposamen zehatza egin dute. Batzorde berezi bat sortu nahi dute gaia lantzeko, ikuspegi ezberdinak aztertzeko eta guztien artean irtenbide bat bilatzeko. Batzorde berezi honek sei hilabeteko iraupena izango luke eta hamabostean behin bilduko lirateke batzordeko kideak. Idazkaria eta kontu-hartzaileaz gain, alderdi politiko guztietako ordezkariek eta Herri Kontseiluko kide batek osatuko lukete Igeldoren inguruko batzordea.
Sozialisten proposamena hurrengo udalbatzarrean aztertuko dute eta Gascok gainerako talde guztien onarpena izatea espero du. “Udal gobernua ere Igeldoko gaiari irtenbidea emateko lanean hastea garrantzitsua da; Donostiaren etorkizuna jokoan dagoenean, ezin dute beste alde batera begira geratu”, esan du Gascok.
Gainera, aukera guztiak aztertzeko prest daudela adierazi dute sozialistek. Orain arte Tokiko Entitate Txiki izaeraren aurka egon direla onartu du Gascok, baina beraien jarrera irekia dela eta Igeldori izaera berezia ematen dion beste formulen artean hau ere onartuko luketela adierazi du.
Herri kontsultaren biharamunean egin zuten batzorde berezian beren iritziak mahai gainean jarri zituzten, eta orduan bezala, PSE-EEk ezin dutela Foru Aldundiak hartzen dituen erabakien zain gelditu adierazi du berriro. “Batzorde berezi honen bidez udalean bertan adostasun batera helduko bagina, Aldundiak kontuan hartu beharko luke”, esan du Gascok.
Batzorde berezia Batzar Nagusietan ere
Koherentzia politikoa argudiatuz Rafaela Romero, PSEko ordezkaria Batzar Nagusietan Ernesto Gascorekin batera agertu da prentsaurrera. Bere babesa eman nahi izan dio horrela Igeldoren auzian lan egiteko batzorde berezi bat sortzeko proposamenari, eta Batzar Nagusietan ere antzeko ideia bat garatuko dutela aurreratu du. Hau da, Batzorde berezi bat sortzea eskatuko dute Gipuzkoako udalerrien mapa definitzeko. “Elkarlana, bateratzea eta hitzarmenen aldeko apustua egin dugu beti Batzar Nagusietan, Gipuzkoako herrien onurarako delakoan. Eredu hau zalantzan jarri du Garitanok Igeldoko auziarekin, baina Bilduk ideiak ez dituela oso argi uste dugu: zein eredu nahi dute, Itziarkoa edo Igeldokoa?”, esan du Rafaela Romerok.


