Ostiralean jarriko dute abian aterpeetako neguko plana
Urte guztian irekita egon den lehen urtean %89ko betetze maila izan du Gaueko aterpeak.
Gaueko aterpearen datuak eskaintzearekin batera iragarri du Jon Albizu, Ongizate Zerbitzuetako zinegotziak ostiralean jarriko dutela abian babesa behar duten pertsonentzako neguko plana. Plan honen baitan dago ate irekien zerbitzua, neguan bakarrik eskaintzen dutena. Hala, eguraldi iragarpenek zeropeko tenperaturak izango direla diotenean irekitzen dituzte Donostiako aterpeetako ateak. Azaroaren 15etik martxoaren 31 arte egongo da indarrean neguko babes plana.
Ategorrietako Abegi-etxean 40 ohe dituzte normalean, baina ateak irekitzen dituzten egun berezi horietan bikoiztu egin daitezke. Gauekon, berriz, 32 ohe dituzte, eta hemen ere beharraren arabera ohe gehiago jartzen dituzte. “Egunaren arabera, lan asko izaten da neguan aterpeetan”, esan du Albizuk. Aurreko urteetako datuei erreparatuz, iaz gau bakar batean ireki zituzten aterpeetako ateak eta 12 pertsona hurbildu ziren. 2012an, berriz, hamar gauetan ireki zituzten eta 342 pertsona joan ziren babes bila.
Gaueko aterpea
Datuen arabera, babes bila joaten diren herritarrek gustura hartu dute Gaueko aterpearen zerbitzua zabaltzea. Zorroagan dago, eta etenik gabe irekita egon den lehen aldia da (2012ko urritik, 2013ko iraila arte) eta %89ko okupazioa izan du. Lehen azarotik apirilera bitartean irekitzen zuten gutxi gora-behera. “Datuek agerian utzi dute behar bat dagoela eta aurrerantzean ere etengabe irekita egongo da Gaueko”.
Gaueko aterpea behar duenari babesa eskaintzeko sortua da. Hau da, ez da Abegi-etxean egiten duten moduan, adibidez, inolako lanketa berezirik egiten erabiltzaileekin. “Gauekon gaua pasa eta gosaldu egin dezake babesa behar duenak; inork ez dio ezer galdetzen”, argitu du Albizuk.
Dena dela, erabilera hori kontrolatua dago, eta beharren arabera eskaintzen dizkiete txartelak erabiltzaileei. Astebeterako txartelak izaten dira, eta Urdanetan kaleko gizarte ongizateko bulegoan jasotzen dituzte. Gauekok 32 leku ditu, eta etenik gabeko denboraldi honetan 199 pertsonek erabili dute; bataz beste 29 lagun gau bakoitzean.
Egonaldiari dagokionez, egonaldi luzeak egiten dituzten erabiltzaileen kopurua geroz eta txikiagoa da. Gehienek hilabeteko egonaldia egiten dute. Generoari dagokionez, berriz gehienak gizonak dira: 183 gizon eta 16 emakume. Erabiltzaile gehienak magrebtarrak izan ohi dira.
Hirian egin duten azken azterketen arabera 69 pertsonek kalean egiten dute lo, eta Albizu pertsona horiei babesa eskaintzearen beharraz mintzatu da: “Ezinbestekoa da baliabide batzuk eskaintzea babesik gabeko pertsonei, gure lehentasuna oinarrizko zerbitzu batzuk bermatzea baita”.


