Josu Ruiz eta Euken Sese. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostiako Ekonomia Sustatzeko 2013ko Planaren baitan dago Ekintzailetza zerbitzua. Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotziak eta Euken Sese Sustapeneko zuzendariak eman dituzte zerbitzuaren lehen zortzi hilabeteetako datuak. Oso datu positiboak izan direla adierazi dute. Izan ere, ekintzaile berriei emandako laguntzen ondorioz 203 enpresa sortzen lagundu du Sustapenak. Enpresa berri gehienak merkataritza, turismoa eta ostalaritzarekin lotutakoak izan dira.
Datu onak dira, baina Sesek enpresa berrien iraupen datuak azpimarratu ditu. Izan ere, azken bi urteetan sortutako enpresen %81a lanean ari da oraindik.
Auzoetako beharrak
Donostiako Ekonomia Sustatzeko 2013ko Planaren jarduera ildo nagusien artean aurkitzen da hirian langabezia tasa handienak dituzten auzoetan ekintzailetza bultzatzea, Altza, Intxaurrondo, Egia, Loiola eta Martutenen besteak beste.
Ekin + programa
Donostiako Sustapenak EKIN+ programaren deialdia ireki du. Egitasmo pilotua da, gaitasun handiko ekintzaileak bultzatu eta ikaskuntza berritzailea sustatzeko helburua duena. EKIN+ programa berri honek hiru hilabete iraungo du eta epaimahai aditu batek hautatutako proiektuek hainbat zerbitzuak jasoko dituzte. Hala nola, banako tutoretzak, tailer praktikoak, lanerako espazioak eta aholkularien sarerako sarbideak. Gainera, proiektu horiek inbertsiogile estrategikoen sareetara bideratuko dituzte, beharrezko azken bultzada izan dezaten. Programarik onenak 3000 euroko diru laguntza jasoko du.
Pertsona edo enpresa interesatuek azaroaren 27ra arteko epea dute proiektuak aurkezteko.