Euskal Herriaren historia era arinean jaso du Iñaki Egañak
‘Euskal Herriaren historia laburra’ izeneko liburua kaleratu du amarako historialariak, Txertoa argitaletxearekin.
Euskal Herriaren historia laburra izeneko liburua kaleratu berri du Iñaki Egañak (Amara, 1958), Txertoa argitaletxearen eskutik. Liburu horren helburua, Euskal Herriaren historiaren ikuspegi zabal eta guztiz sintetikoa eskaintzea da Txertoaren esanetan, eta hori guztia, modu atsegin eta ulerterrazean. Historiaurrean hasi eta gaur egunera arteko gertakarien irakurketa egin du Egañak, 141 orrialdetan. Berez gaztelerazko liburua idatzi du Egañak (Breve historia de Euskal Herria), eta euskarazko bertsioa egiteko, Xabier Aranburuk egin du testuen itzulpena; 14’95 eurotan daude biak salgai. Elkar megadendan egin dute liburuaren aurkezpena, gaur goizean, eta bertan, liburuaren nondik-norakoak azaldu ditu egileak berak.
Guztira, 13 ataletan banatu du Egañak liburua: Lehenbiziko gizakiak, Iruñetik Pamplonara, Baskoi menderaezin haiek… hala, Euskal Herriaren kontzeptua azaldu ostean, hau da, zein lurralde hartzen duen eta bertan zein bizi diren, besteak beste; lehen gizakietatik hasi eta gaur egunera arteko ibilbidea osatu du. Hala, liburuaren bost elementu interesgarrienak nabarmendu ditu Amarako historialariak aurkezpenean: Orain arte jaso duguna zalantzan jartzen duten elementu berri asko ageri direla, adituentzat baino hasiberrientzat liburu egokia dela, historia bezalaxe anitza dela, mikrohistorien garrantzia nabarmendu duela, eta ez duela inolako gairik kanpoan uzteko arrazoirik izan, dela PNV, PSOE edo ETAren sorrerak.
Argi geratzen da behin liburua eskuartean hartuta, historia era arinean eta berezian kontatzearen aldeko hautua egin duela Egañak. Izan ere, testuek hainbat despieze dituzte tartean, baita koloredun argazki asko ere. Denboran barrena geldialdiak egin ditu egileak, Iraultza Frantsesaren, Karlistaden eta XX. mendeko gerren berri emateko, besteak beste; aldi berean, pertsonaia garrantzitsuak ere aipatzen ditu, euren berri izateko: Elkano, Iparragirre, Zumalakarregi… gainera, liburuaren azken orrietan, historiako 50 data aipagarri eta historia liburuetan falta ezin duten 30 euskaldun bildu ditu, bakoitza soslaia labur-labur batekin.
Kontuak kontu, Egañak argi utzi du, egia osorik ez dela existitzen bere ustez. “Egia absoluturik ez dago. gai guztiak nire interpretazioaren arabera landu ditut”, aipatu du. Hala, argitaletxeak apustu ausarta egin duela uste du Egañak.