Juan Karlos Izagirre eta Kepa Korta. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Mayors of Peace, bakearen aldeko alkateen erakundeak mundu mailako egitasmo bat onartuko du Kursaalen, hiriak ez daitezela helburu militar izan aldarrikatuz.
Bigarren Mendeurrenaren eta Donostia 2016 egitasmoaren baitan kokatua dago hirien topaketa. Batetik, hiria suntsitu eta berreraikitzea erabaki zutenetik 200 urte pasa direnean egoera berean egon diren hiriei keinu egin nahi izan zaielako, eta bestetik, kultura gatazka egoerak gainditzeko tresna gisa aurkezteko herritarrei.
Juan Karlos Izagirre, alkatearen hitzetan, “hiri bat sekula ez da guztiz suntsitzen, eta sekula ez da eraikitzez bukatzen”, beraz, elkarbizitza eta parte hartzea oinarri hartuta, denen artean Donostia “eraikitzen jarraitzeko” deia egin du.
Bide horretan Donostiaren egoera bertsuan egon diren hainbat hiri gonbidatu dituzte Kursaal Kongresu Jauregian egingo duten topaketara. Datorren ostegunean, azaroak 21 izango da suntsitutako hirien topaketa. Goizeko 9:15ean hasiko da eta guztiz irekia izango da, hau da, edonork parte har dezake. Horretarako 943 428 086 telefonora deitu behar da.
Gerrek suntsitutako hiriak
Dresden, Milan, Sarajevo, Wroclaw, Granollers, Madril, Gernika eta Donostiak parte hartuko dute topaketan. Tokian tokiko gizarteek jasan dituzten krudeltasunak errepasatuko dituzte, baina parte hartzaileek etorkizunari begira mezu positiboa igorriko dute gatazken kontrako eta bakearen aldeko jarrera bultzatuz.
Bestalde, ikasleek ere izango dute hirien topaketan parte hartzeko aukera. Donostiako hainbat ikastetxeetako batxilergoko ikasleak Madrilgo ikasleekin elkartuko dira Kursaalen. Kepa Korta, Estrategia bulegoko zuzendariak azaldu duenez, ikasleei aiton-amonei galdetzeko eskatu zaie, eta bizitza arriskatuz aukariei lagundu zieten pertsonen testigantzak bildu dituzte, horiek izango baitira beraien hausnarketen oinarri.
Gerrek suntsitutako hirien topaketa mundu mailara hedatu nahi duten egitasmo bat aurkezteko ere baliatuko dute. ‘Hiriak ez dira helburu’ lelopean, Mayors for Peace erakundeak herritar eremuetan su-lehergailuak erabiltzeari eta hirien aurka suntsipen handiko armak erabiltzeari uko egingo dio.