Antiguako haur eskola. (Argazkia: Mikel Goñi)
Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak haur hezkuntzako lehenengo zikloan, (0 eta 2 urte), plazen antolaketa eta haur eskolen kokapenari begira datozen lau urteetarako ildoak finkatzeko elkarlanerako bigarren protokoloa sinatu dute.
Hitzarmenaren arabera, 0-2 urte bitarteko umeentzako plaza berriak sortuko dituzte, beti ere, zonalde bakoitzaren beharren arabera, eskaintzarik gabeko eremuetan haur eskola berriak eraikiz, eta kalitate handieneko hezkuntza eskaintza lortuz, instalazioak araudiari egokituz eta zaharkituak berrituz.
Naiara Sampedro, hezkuntza zinegotzia hitzarmen honen garrantziaz mintzatu da, protokolo honek plaza berriak sortzeko garaian elkarlanerako ildoak zehazten dituelako. “Udal bezala hezkuntzan eskumen zuzenik ez badugu ere, hezkuntza publiko eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten dugu”.
Haur eskola berriak
Hitzarmenaren arabera, datorren ikasturtean bi haur eskola berri egingo dituzte Donostian: Intxaurrondon eta Amaran. Zuloagako haur eskola, Donostiako udalaren eskuetan egun dagoen haur eskola bakarra, berriz, datorren ikasturtean partzuergoaren eskuetara pasako dela aurreratu du Sampedrok.
Udal haur eskolako langileak udaleko beharretara bideratuko dituzte eta eraikinean gela berri bat eskainiko zaio Orixe Ikastolari, honek dituen espazio premiei erantzunez.
Intxaurrondoko eskolak 0-1 urtekoentzako unitate bat eta 1-2 urtekoentzako beste bat izango ditu (21 plaza), datorren urteko lehenengo hiruhilerako. Intxaurrondoko haur eskolako izen-emate kopuruaren arabera, beste haur eskola bat ireki daiteke Intxaurrondo Hegoan beste 21 lekurekin.
Amarako Barkaiztegi kaleko eskola berriak, berriz, 0-1 urtekoentzako unitate bat eta 1-2 urtekoentzako bi unitate izango ditu (34 plaza), datorren urteko irailerako.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Aieteko Puio-Lanberri auzoan eskola berri bat eraikiko du. Donostiako udalak Azkaratenean ikasle txikienak dauden bi geletan haur eskola sortuko dute. Haur eskola horrek bi unitate izango ditu: 0-1 urtekoentzako bat eta 1-2 urtekoentzako beste bat (21 plaza). Lan hori 2016ko irailerako aurreikusten dute.
Azkenik, epe luzera begira haur eskola berriak ere aurreikusten ditu hitzarmenak. Altzan, Roteta eta Harri Berri haur eskola zaharkituak ordezkatuko lituzkeen eraikin berri bat, esaterako, 2016rako aurreikusten dena.
Txomin Eneako eremuan egingo den hirigintza planean, berriz, Loiola haur eskolaren gertutasuna kontutan izanik, eskakizunen arabera, erabakiko dute beste haur eskola berri bat egin behar duten ala ez.