Udalak larrialdietarako zerbitzu guztiak aktibatu ditu
Metro karratuko 60 litro baino gehiago egingo dituela bihar iragarri du Euskalmetek.
Eguerdian teknikariek bilera egin dute udaletxean, eta eguraldi iragarpenen arabera larrialdietarako tresna eta zerbitzu guztien egoeraren errepasoa eta euriteak zailtasunak eragiteko kasuan hartu beharreko neurrien errepasoa egin dute.
Larrialdietan parte hartzen duten zerbitzuetako ordezkariak izan dira bileran, Suhiltzaileak, Udaltzaingoa eta Gizarte zerbitzuak, besteak beste. Eta baita Nekane Burutaran Babes zibileko zinegotzia eta Nora Galparsoro Añarbeko Urakeko presidente eta Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuetako zinegotzia ere.
Egoeraren jarraipen mahaia 24:00etan aktibatuko dute eta egoeraren arabera, zerbitzu guztiekin bilera orokorra deituko dute, Txomin eta Martuteneko bizilagunen ordezkariekin batera.
Aldez aurretik hartutako neurriak
Abisu laranjaren aurreko orduetan hartutako neurri nabarmenena Añarbeko urtegiaren irekiera izan da. Aldez aurretik hustutzen bada, euritea datorrenean ura gordetzeko ahalmen handiagoa izango baitu.
Bestalde, suhiltzaileek xukatzeko zerbitzuak indartu dituzte, kanpoko baliabideak alokatuz. Eta erabili behar izatekotan sarbide alternatiboak egoera onean daudela baieztatu dute.
Gizarte Zerbitzuak, bestalde, norbait ostaturatzea beharrezkoa balitz, eskuragarri dauden etxebizitzen zerrenda lantzen ari dira.
Mugikortasunari dagokionez, egoeraren eboluzioaren arabera, Txomin eta Martutenera ibilgailuen sarrera mugatzeko aukera aztertuko dute. Hau beharrezkoa balitz, bizilagunei Garberan aparkatzeko abisua bidaliko litzaieke, Uholdeen Aurkako Planak ezartzen duen bezala eta horretarako autobus zerbitzu berezi bat jarriko lukete abian.
Bizilagunek atzo jaso zuten lehen alerta abisua SMS zerbitzuaren bidez eta horietako batzuk beheko solairuetatik materialak kentzen hasi dira. Dagoeneko 4.148 pertsonek eman dute izena SMS zerbitzu honetan.