Donostiako Klasikak jaso zuen iaz urrezko danborra. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Abenduaren 5a arte aurkeztu daitezke Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren domina jasotzeko proposamenak.
Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkateak eskutitz bat bidali die erroldan izena emanda dauden elkarte guztiei, hiriari izaera bereziko zerbitzua eskaini dioten pertsonen edo entitateen hautagaitzak aurkezteko eskatuz. Udal politikan partaidetza prozesuak bultzatzeko alkatetzak hartu duen konpromisoarekin bat dator bi izendapenetarako hautagaiak proposatzeko prozesua zabaltzea.
Hautagaitza aurkeztu nahi dutenek eskabide bat bete beharko dute proposatzen duten hautagaia zein den zehaztuz, zein saritarako proposatzen duten, eta hiriari zer nolako zerbitzua eman dieten adieraziz.
Eskabideak Udaleko zerbitzu hauetan aurkeztu daitezke: Udalean, Goikoa Jauregian, Morlansen, Altzako Negoziatuan, Herri Partaidetzako departamenduan, eta kultur etxeetan. Eskabide eredu zehatzik ez dago, baina erregistroko eskabide orokorra erabil daiteke.
Urtero bezala, San Sebastian eguneko ospazkizunen baitan banatuko dituzte bi sariak.