Carlos Vela mexikarrak sartu ditu Realaren lau golak. (Argazkia: realsociedad.com)
Celtaren aurka 1-0 irabazten hasi dira txuri-urdinak, eta ondoren 1-3ko markagailuari itzulia emateko gai izan dira.
Partida arraroa ikusi dute gaurkoan Anoetara hurbildu direnek. Haa ere, irrifar batekin utziko zuten estadioa realzaleek, 4-3 irabazi baitute txuri-urdinek Celtaren aurka, partidari itzulia eman ostean. Oso gaizki hasi da Reala, eta 3-1eko markagailuarekin iritsi da atsedenaldia. Bigarren zatian, ordea, Velak punteria zorroztu du eta beste hiru gol sartu ditu, taldeari garaipena emanaz. Gainera, Europako postuetan sartu da, behin-behinean, Jagoba Arrasateren taldea.
Norgehiagokako seigarren minutuan, Carlos Velak aurretik jarri ditu txuri-urdinak, ezker hegaletik egindako jokaldi landuaren ondoren. Hala, 1-0ekoarekin Realak kontrolpean zuen partida, baina Rafinhak berdindu du lehia, 23. minutuan, eta ondoren, Alex Lopezek lortu du 1-2koa, 28. minutuan. Atsedenaldiaren ostean, Realak indartsu ekin dio bigarren zatiari, baina Rafinharen bigarren golak 1-3koa idatzi du markagailuean. Norgehiagoka kanpoko taldearentzat izango zela zirudienean, ordea, era ikaragarrian lehiari itzulia eman dio Realak, Carlos Velaren lan bikainari esker. Chory Castrok eskuin hegaletik ateratako falta batean lortu du Velak Realaren bigarren gola (2-3), 61. minutuan; gerp, 78. minutuan lortu berdinketa mexikarrak, eta 81.ean laugarrena. Gainera, 92. minutuan, aukera bikoitza izan du Griezmannek.
Hurrengo asteazkenean Xakhtar Donetsk-en zelaian jokatuko dute txuri-urdinek, Txapeldunen Ligako bosgarren jardunaldian.