Esteban Chavarri mendizalea omendu dute Plaza Haundin
Egiako bizilaguna irailean hil zen, auzoa Porrontxo jaietan murgildua zegoela.
Aitzarte Mendi Taldeak antolatuta, omenaldi alaia eskaini diote egiatarrek Esteban Chavarriri. Mendi taldeko presidentea zen egiatarra, eta joan den irailean hil zen, auzoko Porrontxo jaiak zirenean. Beraz, jaiek zapore gazi-gozoa izan zuten egiatarrentzat.
Ametzagaina parkera ibilalditxoa egitekoak ziren bere omenez gaur goizean, eta ondoren, Plaza Haundin batu dira hainbat lagun eta auzotar, Chavarriri azken agurra emateko. Hain zuzen ere, Plaza Haundin bertan du bere lokala Aitzarte taldeak. Musika eta dantza izan dira omenaldiko protagonista nagusiak. Hasteko, mendi taldeko haur batzuk bertso bat eskaini diote, “Eskerrik asko Estevan, askotxo maite zaitugu”, esanez bukatuz. Ondoren, Trebeska dantza taldeko haur eta helduek ikuskizun polita eskaini dute, musikarien laguntzarekin. Noski, hotzari aurre egiteko, ondorengo txorizo pintxoek eta saldak ez dute hutsik egin.