Igor Elortza izan da Gaskako onena
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako saio baten faltan, Beñat Gaztelumendik hirugarren puntuaziorik onena du.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren barnean, finalaurrekoetako azken aurreko saioa jokatu dute gaur, Donostian. Gaska kiroldegia izan da saioaren lekuko, ia 2.500 bertsozalez beteta, orain arteko saio jendetsuena bilduz. Irabazlea Igor Elortza izan da, 703 punturekin. Hala, behin-behineko sailkapen orokorrean, Amets Arzallus da lehena, Igor Elortza bigarrena, eta Beñat Gaztelumendi añorgatarrak finalean sartzeko postuen barruan jarraitzen du, 1392,5 punturekin, hirugarren. Datorren astean erabakiko da dena, behin Mauleko saioa jokatuta.
Gaurko saioan honela banatu dira puntuak: Igor Elortza (703), Alaia Martin (674’5), Aitor Sarriegi (674), Jon Martin (641’5), Etxahun Lekue (639’5) eta Fredi Paia (617’5). Edonola, Elortzak aldea mantendu du besteekiko saioan barrena, baina Sarriegi eta Alaia Martin ere guztiz txukun aritu dira, gainontzekoen lana gutxietsi gabe. Kartzelakoek sekulako perlak utzi dituzte, “Nekatuta zaude, baina badakizu ezin zarela gelditu” gaiari erantzunez. Bertsolari bakoitzak oso bide desberdinetik jo du, Jon Martin kartzelatik ihesi doan presoa izan da, Elortza Marokotik txalupan ihesi doan herritarra, Sarriegi Donostiako Maratoiko partaidea, Paia Jon Maia bertsolariaren larruan sartu da, Lekue Sevillako espetxean gose greban dagoen presoa izan da, eta Alaia, berriz, bera izan da, Gaskara atera aurreko beldurren aurrean. Bertsozaleek gogoz txalotu dituzte egindako lanak.
Maulen honakoek kantatuko dute: Aitor Mendiluze, Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Jone Uria, Sustrai Colina eta Unai Agirre.
BEHIN-BEHINEKO SAILKAPEN OROKORRA:
- Amets ARZALLUS: 1.436’5
- Igor ELORTZA: 1.425
- Beñat GAZTELUMENDI: 1.392’5
- Unai ITURRIAGA: 1.374
- Aitor SARRIEGI: 1.362
- Alaia MARTIN: 1.341’5