(Argazkia: gipuzkoabasket.com)
Gipuzkoa Basketek ez du zortea bere alde izan gaurkoan, eta partida guztiz berdindua jokatu ostean, puntu bakarrarengatik galdu du Teneriferen aurka, 76-75.
Lehen laurdena bi punturen aldearekin bukatu dute, 23-21; eta bigarren laurdenaren osteko atsedenaldia, berriz, 36-38ko markagailuarekin iritsi da. Beraz, zenbakiek argi zioten partida oso berdindua izaten ari zela. Hirugarren laurdenaren hasieran hirukoen jaia nagusitu da, talde baten zein bestearen aldetik, eta berriro ere oso alde gutxirekin bukatu da laurdena, 56-58. Azken laurdenean ere parekotasuna eta tentsioa nagusi izan dira azken segundoetararte, baina azkenean, Richottiren saskiratze batek eman dio garaipena etxeko taldeari.
Datorren igandean Illunben jokatuko du Sito Alonsoren taldeak, Rio Natura Monbus taldearen aurka.