Bertako elikagaien ekoizpena eta kontsumoa sustatzeko GuztiONA klusterra sortu dute
Intxaurrondoko Villa Yeyette errefentzia gune bihurtuko da, bertan egingo baitituzte tailerrak, jardunaldiak, hitzaldiak eta gainerako jarduerak.
Donostia da erroldatutako nekazaritza ustiapen gehien dituen udalerri gipuzkoarra, balio estrategiko garrantzitsua du beraz. Horregatik, Donostiako udalak, Sustapenaren bitartez, sektoreko garapen ekonomikoa bultzatuko duen Nekazaritza Elikagaien Kluster bat sortzea erabaki du, ingurumenarekin eta elikaduraren osasunarekin duen konpromisotik abiatuta.
Nekazaritza Elikagaien Klusterraren bidez, lankidetzako zenbait proiektu gauzatu nahi dituzte sektoreko eragile pribatuen artean, sinergiak sor daitezkeen beste sektore batzuetako eragileen artean (turismoa, merkataritza, gastronomia), eta baita giltzarriak diren udal departamentuekin ere, Ingurumena, Turismoa eta Osasunekoarekin, esate baterako.
Hiru dira klusterraren printzipioak:
1.-Nekazaritza elikagaien sektoreko garapen ekonomiko iraunkorra sustatzea hirirako aberastasuna eta enplegua sortzeko asmoz.
2.-Ingurumen konpromisoari eustea elikagaien karbono aztarnaren murrizketaren bidez.
3.-Tokikoa eta osasungarria den elikadura-sistema bati laguntza ematea.
Alde horretatik, proiektu berritzaileak sustatuko dituzte, enpresen lehiakortasuna hobetzen saiatuko dira eta tokiko produktuari balioa emango diote haren ekoizpena eta kontsumoa handitzeko.
Proposatutako proiektuen artean leudeke tokiko produktuez egindako menuak, azokak eta kaleko animazioa, denboraldiko tokiko produktuekin egindako dastatzeak, txartel eta bonuak tokiko produktua erosteagatik, turistentzako tokiko produktu sortak eta abar. Baita, banaketa propioko formulak sendotzea vending edo online bidezko salmentarekin, tokiko produktuaren aitorpena nekazaritza-elikagaien ekintzailetzari laguntza ematea eta informazio nahiz sentsibilizazioko jarduerak egitea ere.