Udalak indarkeria matxistaren aurkako jarrera irmoa erakutsi du
Udal ordezkari politiko guztiek bat egin dute Indarkeria matxistaren kontrako egunean. Erakunde adierazpen bat irakurri dute guztien artean, indarkeria matxista gaitzetsiz eta arazo honen aurka lanean jarraitzeko konpromisoa adieraziz.
Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko pausoak eman badira ere, jendartean hainbat ohitura oso errotuta daudela nabarmendu dute, baita gazteenen artean ere.
Emakumeen aurkako erasoak gune publiko eta pribatuetan gertatzen dira, eta kaleak oraindik ez direla parekideak salatu dute. Asteburuetan, jaietan eta gauetan are eta arriskutsuagoak bihurtzen diren hainbat puntu kritiko zerrendatu dituzte hirian, eta udal ordezkariek puntu kritiko horiek desagerrarazi arte lanean jarraituko dutela adierazi dute, “emakumeak, eta bereziki neska gazteak, hirian barrena aske ibil daitezen, inongo beldurrik gabe”.
Indarkeria matxistaren kontrako lanean hainbat konpromiso hartu dituzte udal ordezkariek. Beraien eskumenen esparruan, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka udal politika aktiboa, parte hartzailea eta koordinatua garatzea dutelarik helburua.
Emakumeen zaurgarritasunari aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak eskainiko ditu udalak. Eta jarrera sexistak ekidin eta eguneroko mikro eraso sexisten kontra jarrera aktiboa eta irmoa hartuko dutela ere berretsi dute udal ordezkariek.
Erakunde adierazpenaren irakurketaz gain, gaurko egunez antolatu diren jardueretan aktiboki parte hartzeko gonbita luzatu diete herritarrei, eta bereziki hiriko neska eta mutil gazteei.