Bertsoak eta literaturak bat egingo dute 'Kafkaren aulkia' ikuskizunean
Tomasene kultur etxean taularatuko dute obra, asteazkenean (azaroaren 27an).
Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariek, Pello Ramirez musikariak eta hainbat idazlek (Andu Lertxundi, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Oier Guillan, Arantxa Urretabizkaia, Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Lander Garro, Itxaro Borda, Jon Sarasua, Iratxe Esnaola, Xabier Mendiguren…) emankizun berri bat abian jarri dute: Kafkaren aulkia. Bertsoa eta literatura uztartuko ditu emankizunak.
Ordu eta erdi inguruko jarduna txirikordatuko dute idazle batek eta bi bertsolarik, Pello Ramirezen txeloaren eta akordeoiaren doinuen gainean. Hitza izango da emanaldiaren ardatza: hitz idatzia eta kantatua, neurtua eta laua, bat-batekoa eta patxadaz hausnartutakoa. Bertsolarien jarduna inprobisatua izango da eta idazleak sorturiko
errelatoan txertatuko da hark agindu ahala.
Idazleak osatuko du emankizunaren ardatz izango den errelato nagusia, berak hautaturiko genero, molde eta tonuan. Narrazioak askotarikoak izango dira, idazle bakoitzaren estiloaren araberakoak: poema-errezitaldiak, ipuinak,
hitzaldi literarioak, nobela bateko pasarte hautatuak… Donostiako saio honetan Arantxa Urretabizkaia izango da idazlea. Bertsolariek pertsonaia literarioen ahotik zein euren ahots propiotik kantatuko dute, narrazioari koloreak, atmosferak eta kanpo-begiradak gehituz.
Idazlearen emana eta bertsolarien ekinaldiak txandakakoak izango dira eta, musikariarekin batera, emankizun oso bat eratuko dute.
Tomasenen izango da emanaldia, asteazkenean 19:30ean. Sarrera doakoa izango da.