Ricardo Burutaran eta Juan Karlos Izagirre. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Osteguneko Osoko Bilkuran emango zaio behin-behineko onarpena testuari, eta 20 egunez jendaurrean jarriko dute, herritarrek ere zuzenketak egin ahal izateko.
Ia urtebetez aritu da batzorde berezi ez-iraunkor bat Osoko Bilkuraren Araudi Organikoa aldatuko duen testua eztabaidatzen. Bilduri dagokionez, Juan Karlos Izagirre eta Ricardo Burutaranek hartu dute parte batzorde berezi horretan, eta bi ordezkari horiexek izan dira guztien artean adostutako testua aurkeztu dutenak.
2004an egindako zuzenketa txiki batzuez gain, udalbatzarren araudia aspaldi eguneratu gabe zegoela onartu dute. Udal gobernuak 75 zuzenketa aurkeztu ditu batzorde berezian, guztiak herritarren parte hartzeari, berdintasunari, euskararen erabilerari eta gardentasunari lotuak. Alkateak adierazi duenez, prozesu luzea izan da, baina oso garrantzitsua eta aberasgarria, alderdi politiko guztietako ordezkariek aurkeztu baitituzte beren proposamenak. Gainera, Izagirrek behin-behinean onartuko duten araudiaren garrantzia azpimarratu du, “hiriarentzat eragin handia duen foro baten funtzionamendua arautzen duelako”.
Udal gobernauren ildoak
Udalbatzarrak arautuko dituen testua hobetzeko udal gobernuak hainbat ildo jorratu ditu:
-Herritarren parte hartzea areagotu nahi du udal gobernuak, eta udalbatzarretan zuzeneko parte hartze hori bermatu nahi dute. Horregatik, hainbat puntutan azken txanda herritarrena izatea proposatu dute, eta baita bozeramaileen batzordeetan parte hartzeko aukera eskaintzea ere.
Burutaranek adierazi duenez, “orain ere herritarrek badute udalbatzarretan parte hartzeko aukera, baina prozesua oso konplexua da, eta bide hori errazten saiatuko gara”.
-Ahoz nahiz idatziz euskararen erabilera eta hizkuntza eskubideak bermatzeko baliabide guztiak aktibatuko dituzte.
-Komunikazioarekin lotuta, ordezkarien hizkera ere berdintasun irizpideetara egokituko dute, oraindik agiri asko maskulinoan soilik idazten baitira.
-Gardentasuna bermatzeko berriz, udal ordezkarien lan osoa herritarren eskura jarriko dute udalaren webgunearen bitartez. Hala, soldatak eta mantenua, batzarrak, bilerak edo udalbatzarretako gai-zerrenda eta beste hainbat informazio ere agerikoak izango dira.
-Zinegotziek ‘txit prestu’ tratamentua galduko dute, eta ez dute aparteko tratamenturik jasoko, “garaiz kanpokoa” dela uste baitute.
-Idazkariaren legaltasun irizpideak zabalduko dituzte, eta idazkariak txostenak egin beharko ditu batzordeetan ere; orain arte Tokiko Gobernu Batzordean bakarrik egiten zituen.
Izagirrek talde politiko guztiek araudia hobetzeko egin duten ahalegina eskertu du. Era berean, oposizioak udal gobernuari ahalmenak gutxitzeko egin dituen ahalegin guztiak bertan behera geratu direla adierazi du. Hala, alkateak, udal gobernuak eta udalbatzarrak lehengo eskumen guztiak mantenduko dituzte, eta bozeramaileen batzordeak aholku-emaileak izaten jarraituko dute, eta ez erabakitzaileak, oposizioak nahi zuen moduan.
Osteguneko osoko bilkuran emango diote behin-behineko onarpena araudia zehazten duen testuari, baina Ricardo Burutaranek adierazi duenez, “prozesua irekita dago, eta batez ere herritarren parte hartzean lan asko dago oraindik egiteko”. Alkateak bere aldetik, testua auzo guztietara zabalduko dutela adierazi du, eta herritarrei irakurri eta ekarpenak egiteko gonbita luzatu die.