Larratxoko eskola zaharrak. (Argazkia: PSE-EE)
Aparkalekuak egitea eta eraikina auzotarren beharretara egokitzea da sozialisten proposamena.
Ia 4.000 metro kuadro dituen Larratxoko lursail hau udalarena zen lehen, baina Eusko Jaurlaritzari eman zioten 1980an eskola publikoak egiteko bertan. 1996. urteaz geroztik, ordea, lehen hezkuntzako zentro izateari utzi zion, eta gaur egun Irale programako irakasleek erabiltzen dute; Euskalduntze prozesuan dauden irakasleek alegia.
Maravi Dafauce eta Miguel Angel Diez, PSE-EEko zinegotziak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Larratxoko beharrak ikusirik, PSE-EEk eraikina egungo egoerara egokitu beharra dagoela uste du. Horregatik, udal gobernuak berriro eraikinaren jabetza eskatzea nahi dute sozialistek. Maravi Dafauce eta Miguel Angel Diez zinegotzien arabera, Larratxoko bizilagunek eskertuko lukete eraikina eta eremua bera erabili ahal izatea. Eskola zaharreko jolastokian lurpeko aparkalekuak egingo lituzkete sozialistek eta eraikina berriz, auzo elkarte, jai batzorde edo aisialdiko taldeentzako egokituko lukete.
Ez da gaia mahai gainean jartzen duten lehen aldia, eta “Larratxoko herritarren kezka eta beharrei” erantzuna eman nahian, gaia hurrengo udalbatzarrera eramango dute sozialistek.