Aquarium atzealdeko malda erreko dute aste honetan
ekainera arte Pasealeku Berria itxita egongo zela iragarri zuen Nora Galparsoro, Azpiegitura zinegotziak. Erabaki zaila izan dela onartu du gaur berriro zinegotziak, baina “erabaki zuzena” dela berretsi du, herritarren segurtasuna baitago jokoan.
Pasealeku Berria itxi zutenetik beste bi luizi garrantzitsu gertatu dira. Lehenengoa Argazkilarien Elkartetik aurrera dagoen biribilgunea baino lehen gertatu zen, hesiak jarri eta egun gutxira. Tamaina ertaineko harri multzoa erori zen errepideraino. Azkena berriz, Aquarium atzealdean gertatu da. Hiru harri handi erori dira, eta Aquariumeko makina-gelan kalte materialak izan dituzte.
Momentuz ez dute Aquariuma itxi beharrik izan, baina makina-gela babesten zuen metalezko hezurdura sendotzeko lanetan ari dira. Gainera, Nora Galparsorok adierazi duenez, aste honetan Aquarium atzealdeko Urgulleko malda erre egingo dute, bertako egoera aztertzeko. “Sasiz hartuta dago malda hori eta dagoen moduan ezinezkoa da erortzeko arriskuan leudeken harriak aztertzea. Horregatik, suhiltzaileek kontrolatutako erreketa bat egingo dute”, esan du Galparsorok. Eguraldiak laguntzen badu, bihar eta etzi egingo dituzte erretzeak. Behin sastrakak erreta, harri solteak bota eta malda egonkortuko dute.
Diru laguntzak
Itsasbazterra egonkortzeko lanek luze joko dute, eta 1’2 milioi euroko kostua izatea aurreikusi du udal gobernuak. Horregatik, beste administrazio batzuetara jo du udalak laguntza eske. Galparsorok adierazi duenez, gaur bertan bilduko dira Foru Aldundiko ordezkariekin, eta abenduaren 17an Madrilera joango dira, itsasbazterraren kudeaketaz arduratzen diren teknikariekin biltzeko eta Pasealeku Berriko egoera azaltzeko. Juan Karlos Izagirre, Nora Galparsoro eta udal teknikariak joango dira bilera horretara.
Bestalde, herritarren segurtasuna hizpide hartuta, Azpiegitura zinegotziak, “arduraz” jokatzeko eskatu die herritarrei. Ez dute Pasealeku Berrian inor topatu baina hesi batzuk mugitu dituztela ohartu dira, beraz, babes hesiak ez zeharkatzeko deia egin du berriro Galparsorok, “oso arriskutsua izan daitekeelako”.
Gainerako alderdi politikoei ere arduraz jokatzeko eskatu die Azpiegitura zinegotziak, eta zentzu horretan oposizioaren jarrera salatu nahi izan du. Izan ere, Galparsorok esan duenez, osteguneko udalbatzarrean Pasealeku Berriaren egoera eta lanen berri emateko agerraldi bat eskatu zuen, baina oposizioak betoa jarri dio bere eskaerari.
Duela egun batzuk