Mikel Alvarezi urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote, "konplize" izatea egotzita
Beste hiru akusatuek, Gorka Ovejerok, Julio Villanuevak eta Ibon Garciak,”atentatua” egin zutela ebatzi du eta bina urteko espetxe zigorra ezarri die.
Bina urteko espetxe zigorra eta hiruna hilabeteko isuna ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak Gorka Ovejerori, Julio Villanuevari eta Ibon Garciari, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari 2011n tartak jaurtitzea egotzita. 10 euro ordaindu beharko dituzte egunero hiru hilean zehar.
Mikel Alvarez Forcada auzipetuari, berriz, urtebeteko espetxe zigorra eta hilabete bateko isuna ezarri dio epaitegiak, konplize izatea egotzita. Konplize izateagatik ezar daitekeen zigorrik arinena ezarri diote Alvarezi, epaitegiak ebazpenean zehaztu duenez.
Helegitea jarriko dute
Defentsako abokatuek iragarri dute helegitea jarriko dutela Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurka. Kritikatu dute ebazpena Barcinaren eta haren bizkartzainaren testigantzan oinarritzen dela, eta auzitegiak ontzat jo duela jatorrizkoa ez den bideo bat. Halaber, zehaztu du “atentatu” delituak berez duen “dolua” ez zuela ekintzak, “kritikatzea” zelako asmoa.