Reala Txapeldunen Ligatik kanpo geratu da
Xakhtar-Donetsken aurka 4-0 galdu dute txuri-urdinek, Ukrainian jokatutako partidan.
Donbass Arena estadioan jokatu du gaur Realak, Ukrainian, Xakhtar-Donetsk bertako taldearen aurka. Irabazi beharra zuten txuri-urdinek Europako lehiaketaren batean jarraitzeko aukera izateko, eta ez da posible izan. Jagoba Arrasateren taldeak 4-0 galdu du, etxeko taldea gainetik pasa baitzaio. Ukrainiko taldearen golak 37. minutuan Luiz Adrianok, 48. minutuan Alex Teixeirak, eta 68. eta 87. minutuan Douglas Costasek sartu dituzte. Europako lehia garrantzitsuenean aurrera egiteko aukerarik gabe geratuta ere, abenduaren 10ean jokatu beharko du Realak azken partida, Anoetan, Bayer Leverkusenen aurka.
Lehen gola jaso aurretik Realarena izan da baloia. Hala, Velarenak izan dira partidako lehen bi jaurtiketak, baina ez da golik egon. Luiz Adrianoren golak zabaldu du markagailua 37. minutuan, eta hortik aurrera Ukrainiakoena izan da partida, nabarmen. Gero, 41. minutuan, Douglas Costa egon da 2-0ekoa sartzeko zorian, baina geldiketa bikaina egin du Claudio Bravok. Korner batean Iñigo Martinezek eduki du gertu berdinketa lortzeko aukera, baina, oso gutxigatik bada ere, gora joan da baloia. Hala, 1-0ekoarekin iritsi da atsedenaldia. Bigarren zatia hasi eta berehala jaso du Realak 2-0ekoa, Alex Teixeiraren eskutik. Griezmannek zutoinera bidali du baloi bat 55. minutuan, hutsa berriro ere. Douglas Costak sartu du 3-0ekoa, 68. minutuan, kontraeraso batean. Eta brasildarrak berak lortu du 4-0ekoa ere, 87. minutuan.