Irudian, Mr. Movember sarirako hautagaiak. (Argazkia: N.L.)
Movember mugimenduaren aldeko elkartasunezko festa egin dute Donostian.
Mundu mailako Movember mugimendua Donostian ere ari da arrastoa uzten pixkanaka. Gizonen osasunari «aurpegia aldatzeko» sortutako ekimena da Movember. Azaroan bibotea uztean datza, prostatako minbiziaren alde jendeak kontzientzia hartzeko. Horregatik jarri diote ingelesezko November (azaroa) eta Moustache (bibotea) hitzekin osatutako izena.
Bibote deigarrien bidez, jendearen arreta bereganatu, eta kanpainaz hitz egitea da helburua. Sare sozialetan, esaterako, milaka erabiltzailek euren ohiko abatarra kendu eta bibote bat jarri dute azaroan. Ekimena Melbournen (Australia) hasi zen, 2003an. Berrogei pertsonek osatu zuten lehen taldea, eta haren ondotik munduan milaka lagunek eman diote babesa bibotedunen mugimenduari.
Mugimenduko kide egiteko baldintza bakarra bibotea uztea da. Mo Bros bihurtzen dira, hala. Azaroaren hasieran bizarra moztu, eta bibotea hazten utzi behar dute; eta
Movember.com webgunean izena eman.
Donostian ere Movember mugimenduarekin bat egin dute; jada hiru urte daramate lanean. Atzo arratsaldean bibotedun guztiak elkartzeko festa egin zuten Grosen, Bizipoza dendan. Bibote sexyenak saritu zituzten gizonezko eta emakumezko kategorietan.
Emakumeek ere parte hartu baitute mugimenduan; eta baita atzoko festan ere, bibotea jarrita; edo bibotedun baten eskutik mozorrotuta joanda. Mo Sistas-ik gabe ez legokeelako Mo Bros-ik. Gizonak osasun probak egitera bultzatu eta mugimenduko partaide egitera animatzeko ezinbestekoak dira emakumeak ere.