Ez daude bakarrik
Indarkeria matxistaren aurkako horma irudi bat margotu dute gaur Aldakonean.
Aldakonea emakume indartsuen irudiekin eta askotariko koloreekin margotu dute gaur. Ainara Azpiazu artistak lagunduta, hainbat emakume gaztek horma irudi handi bat osatu dute. Joan den igandean ziren elkartzekoak bertan, baina eguraldi txarrak ekitaldia bertan behera uztera behartu zituen, eta gaur goizean hasi dira lanean.
Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira egindako programaren barruko jarduera bat izan da. Gune pribatuetan ez ezik, publikoetan ere pairatzen baitute emakumeek indarkeria matxista, eta badira oraindik, kokapen, sarbide edo argitasun urriagatik erasotzaileei mesede egiten dieten guneak, baita erasoak biderkatzea ahalbidetzen duten testuinguruak ere: festa eta gau giroa.
Hain zuzen, aurten eraso sexista bat izan zen Aldakonea kalean. Horregatik, espazio horien jabe egin eta “puntu kritiko” hau protesta gune bilakatu dute.
Indarkeria matxistari buruzko tailer batean erabaki zuten zein irudi osatu nahi zuten horma irudi honetan. Egoerari buelta eman dioten zortzi emakumeren irudiak jartzea erabaki zutela azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri Ainara Azpiazu sortzaileak. Aldakoneatik pasatzen denak Frida Kahlo, Angela Davis eta We Can Do It kartel ezaguneko emakumea ikusiko ditu, besteak beste. “Oihuka dagoen emakume bat margotu dugu, beste bat biluzik dago eta Capoeira dantzatzen agertzen da beste bat…”, jarraitu du Azpiazuk. Horma irudi honek helburu nagusi bat duela azaldu du: Hemendik pasatzen diren emakumeak bakarrik ez daudela sentitzea, nolabait babestuta sentitzea”. Eta horixe bera da horma irudiak daraman lelo nagusia: Ez zaude bakarrik, las feministas estamos contigo.