(Argazkia: N. Lizarralde)
Sevilla II SOS! Euskal Presoen eskubideen alde lelopean jendetza elkartu da eguerdian Bulebarretik irten den manifestazioan.
Euskal presoen oinarrizko eskubideak errespetatzeko eta erasoak gelditzeko eskatu dute gaur milaka lagunek Donostian. Sevilla II espetxean dauden euskal presoak gose greban izan dira hilabete batez beren eskubideen alde egiteko. Nahiz eta protesta utzi, eskubide urraketa mantentzen dela salatu dute. Gurutz Agirresarobe añorgatarra da Sevilla II espetxean dagoen euskal presoetako bat.
Imanol Aranburuk hitz egin du manifestazioaren bukaera, Sevilla II espetxean dauden euskal presoen senideen izenean. Presoek barruan bizi dituzten baldintza gogorrak azaldu ditu, eta bertan dauden 11 euskal presoen egunerokoa irakurri du. Ziegatik ateratzen direnean tentsio une bortitzak bizitzen dituztela azaldu du: metal detektagailua, ukimenezko miaketak… Patio orduetan ere gehienez hiru euskal preso elkartzen dira, espetxe barruan ere sakabanaketa politika ezartzen dietelako. Kartzelazainen jarrerak egoera oso bortitzak sortzen dituela salatu du, eta isolamendu moduloan are eta isolamendu neurri zorrotzagoak hartzen dituztela: “Erabateko inpunitate egoera eragiten dute”.
Gose grebaren bidez presoen egoera ezagutaraztea lortu dutela adierazi du: “Sevillako espetxeko harresi ilunak pitzatu dituzte eta alarma gorriaren argiak gugana iritsi dira”. Euskal Herritik lekukoa hartzeko prest daudela azaldu dute, “giza eskubideen urraketa nabarmena delako”. PPren eta Espainiako gobernuaren espetxe politikak giza eskubide guztiak urratzen dituela salatu dute: “Giza eskubideen urraketa inoiz ez da onargarria eta hori garbi salatu dugu beti, baina are eta larriagoa da testiinguru politiko honetan espetxe politika anker eta kriminal honi eustea”.
Konpromisoaren bidetik egungo espetxe politikoa aldaraztea lortuko dutela esan du Aranburuk. Sevillan eta gainontzeko espetxeetan indarrean dagoen isolamendu mugagabea amaitu beharra dagoela adierazi du. Euskal presoen oinarrizko eskubideak errespetatzeko eskatu du, eta erasoak gelditzeko.