Osakidetza unibertsala, publikoa, doakoa, kalitatezkoa eta euskalduna izatea nahi dute
Protesta egin du Duintasuna elkarteak Getaria kaleko Santander bankuaren aurrean.
Osakidetzan hartzen ari diren neurrien aurrean kexatzeko, protesta egin dute hainbat lagunek Getaria kaleko Santander bankuaren aurrean, gaur goizean. Duintasunak, Gipuzkoako Pentsiodunen Elkarteak, egin du elkartzeko deia, eta pixkanaka gero eta lagun gehiago biltzea dute helburu.
Sendagaien berrordainketen aurka 40.000 sinadura bildu zituztela gogorarazi dute, eta Eusko Jaurlaritzak emandako erantzuna nahikoa ez dela diote. Hala, herritar guztientzako Osakidetza publikoa eta doakoa eskatzen dute; baita unibertsala, kalitatezkoa eta euskalduna izango dena ere.
Hilabete bakoitzeko lehen astelehenetan elkartzen jarraitzeko asmoa dute. Urtarrilean, ordea, lehen asteartean egingo dute, astelehena jai eguna delako.
Ostegun honetan, hiriburu guztietan egingo dituzte protestak. Donostian, 11:00etatik 14:00etara elkartuko dira, Sarriegi plazan.


