Euskararen eta Urritasunaren Nazioarteko egunekin bat egin du Verdinik
Viktoria Eugeniako Klub aretoan ‘Dastatu gure dantza’ ikuskizunaren entsegu irekia eskainiko du dantza taldeak.
Dantza talde berezia da Verdini. Down sindromea duten dantzariek osatzen dute taldea, eta Isabel Verdini altzatarrak sortutako koreografiak ongi baino hobeto ikasita eskaintzen dituzte. Dantza taldeak dagoeneko 20 urteko ibilbidea egin du, baina oraindik ere gizartean euren jardunaren berri emateko lanean dihardute. Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, Urritasunaren Nazioarteko Eguna ere bada gaurkoa, bi aldarrikapenak batuz, ‘Dastatu gure dantza’ ikuskizunaren entsegu irekia eskainiko du konpainiak, gaur, 20:00etan, Viktoria Eugeniako Klub aretoan. Guztiaren berri emateko prentsaurrekoa egin dute goizean, dantza taldeko kideek. Isabel Verdini berak hartu du hitza bertan. “Entsegu ireki bat egingo dugu jendeak Verdiniren lana ezagutu dezan. Verdinin dantzan irakasten diegu pertsona oso bereziei, eta jendeak ikusi beharreko lana dela uste dut, urritasun intelektuala zer den jakin dezan”, azaldu du koreografoak.
Gainera, euskara eta urritasuna “eskutik helduak doaz”, Verdiniren esanetan. “Lan asko egin behar izan dute lortzen ari dena lortzeko. Guk kulturaren bidez lantzen dugu urritasuna, jendearen bihotzetara iristeko. Pertsonak direla ikus dezaten, eta gainontzeko guztiok ditugun beharrak dituztela; dantzariak izan nahi dute, guztion eskubide berak izan behar baitituzte. Elebidunak dira eta dena ulertzen dute, lan egiten dute eta artistak dira, sortzaileak baitira. Gizarte guztiak lan egin behar du zerbait aurrera eramateko, gutxi batzuen borrokak bakarrik ez du balio”, aldarrikatu du Verdinik. Hala, hainbat proiektutan sartuak daudela azaldu du. “Bizirik gauden konpainia bat gara eta beti dauzkagu proiektuak. Gaurko erakustaldi honetarako egon gara azkenaldian lanean, eta beste proiektu bat ere eskuartean dugu, martxoaren 15ean Viktoria Eugenian egingo duguna”.
Iruñeko musikari batek, Ismael Yague, Zu zeu izeneko kantua sortu du dantza taldearentzat, eta konpainiaren musika bihurtu da. “Oso garrantzitsua da zu zeu izan behar zarela jakitea. Urritasunaren arloa asko islatzen du abestiak. Bestetik, euskal musikarien abestiak erabiltzen ditut, hor dagoelako artea eta kultura. Euskara eta urritasuna bihotzea daramatzat, eta koreografoa naizenez, halako koreografia sentikorrak sortzen ditudanean, hain politak, euskal musikak asko laguntzen dit”. Dantzariek ere euren poztasuna adierazi dute, eta dantzatzea oso gogoko duten arren, asko entsegatu behar izaten dutela onartu dute.
Gaurko ikuskizunerako sarrera irekia izango da. Hori bai, aurretik gonbidapenak lortu beharko dira, Viktoria Eugenia Antzokiko txarteldegian bertan, 17:00etatik aurrera.